Bi urte luzetan hainbat ordu eman ditu Josu Erkiagak lanean. Lekeitioko Kofradiko edota Kapitaintzako artxiboan murgilduta, baina itsasoa ogibide izan duten heritarren artean datuak, irudiak, bizipenak eta istorioak pilatuz, batez ere. Ahalegin horren fruitu da “Baxurako arrantza Lekeition 1960-2010” argitalpena, udalerriko azken mende erdiaren arrantzaren entziklopedia dena.
Bi urte luzetan hainbat ordu eman ditu Josu Erkiagak lanean. Lekeitioko Kofradiko edota Kapitaintzako artxiboan murgilduta, baina itsasoa ogibide izan duten heritarren artean datuak, irudiak, bizipenak eta istorioak pilatuz, batez ere. Ahalegin horren fruitu da “Baxurako arrantza Lekeition 1960-2010” argitalpena, udalerriko azken mende erdiaren arrantzaren entziklopedia dena.
Josu, azken 50 urteotan Lekeitioko baxurako arrantzaren nondik norakoak bildu dituzu “Baxurako arrantza Lekeition” argitaratu berri den liburuan. Nondik sortu zen ideia?
Bizitza aurrera doa, eta oroimena atzera-aurreraka dabil. Bizitzak bizipenak dakartza, eta oroimenak gomutak. Bizitza bizi egiten dugu, baina gomutak ahaztu egiten zaizkigu batzuetan, batez ere, urruntzen direnean, inguruan duguna guztiz aldatu delako. Eta ahaztu orduko, komenigarria izaten da zerbait egitea: papereratu, irudietan bildu, ahoz grabatu…
Gure herriko baxurako arrantzarekin horixe egitea erabaki dut lan honen bitartez. Berrogei urte inguruan dabiltzanek eta, zer esanik ez, nagusiagook izango ditugu gomutak, baina adin horretatik beherakoek imajinatu ere ezin izango lukete egin Lekeitioko portua gainezka, 30 txalupa handiz beteta. Batzuetan -batez ere, antxoatean-, barruan lekurik ez eta, barran eman behar izaten zuten hondoa: atera kontuak!! Beste alde batetik, arrantzale guztientzako omenaldi txikia eta xumea izatea ere nahi nuke lan hau, geure aita Jesus “Atila”rengandik hasita.
Zein arazorekin aurkitu zara datuak bilatzeko orduan?
Azken berrogeita hamar urteetako tartea aukeratu dut, informazioa nahiko txukun lortu ahal izan dudalako, nahiz eta arlo batzuetan hutsuneren bat edo beste agertu (errol eta argazki batzuk falta dira).
Kapitaniara jo nuen, lehenengo. 1924tik honako txalupa gehienen orriak daude, baita bakoitzaren errolak ere (portuko sartu-irtenak eta ontziratze-desontziratzeak): txalupa
bakoitzaren argazkian oinarrituta, fitxa antzekoa egingo nion bakoitzari, datu teknikoak eta aldaketak jarrita; horrekin batera, lehenengo eta azkenengo tripulazioa osatzen
zuten arrantzaleen izenak zehaztuko nituen. Zoritxarrez, lehenengo arazoarekin egin nuen topo: txalupa bakoitzaren argazkia egon behar zen orria hutsik zegoen, nahiz eta grapa- markak argiak izan; eta txalupa batzuen kasuan, errolak falta ziren.
Datuak batzeko bigarren lekua Kofradia izan zen: tripulazio batzuetako izenak zeuden, baita urtez urteko arrantzuak eta salmenta-prezioak ere. Horrek ikuspegi historikoa izateko aukera emango zidan, arrain-mota bakoitzaren (antxoa, atuna, bisigua, txitxarroa, berdela…) eboluzioa zein izan den jakiteko.
Azkenik, zuzeneko testigantzekin lan egin dut: ontzi-jabeak eta ontzi-egileak. Jakin nahi nuena zen ea zergatik sortu zen txalupak egiteko hain amorru handia 60. hamarkada hartan: diru-laguntzak ote zeuden, arrain ugari ote zegoen, ohitura bihurtu ote zen…
Hitz gutxitan, nola laburtuko zenuke azken urteotan Lekeitioko baxurako arrantzak jasan dituen aldaketak? Zeintzuk izan dira momentu gogorrenak, anekdota berezienak, etab.
Liburuko grafikoetan ikusten da hori ondoen: txalupa-kopuruari dagokionez, 30etik 2ra pasatu gara; ontzioletan, 4tik 1era; kabanetan, 6tik 1era…
Oso sektore dinamikoa izan da beti; horregatik, arrantza-leku berriak aurkitu behar baziren, beti egoten zen baten bat aurrera egiten zuena. Hortik datoz Dakarrerako bidaiak 1958tik 1963ra; Atlantikorakoak (Algeciras eta Kanariar uharteak) 1966tik 1975era; Mediterraneorakoak (Almeria eta Bartzelona) 1975etik 1995era; tartean, Venezuelara ere joan ziren batzuk 80. hamarkada hasieran…
Bidaia horietan estutasun handiak pasatzen zituzten: mundu ezezagunak ziren eta abentura bihurtzen zitzaien.
Beste liburu edo ikerketarik egiteko asmorik badaukazu?
Ezizenena egingo dut, asti apur bat hartzen badut. Lan handia da, 1000 baino gehiago egon daitezke eta.
Baxurako lan hau egiten ari nintzela, mundu horrekin askotan egin dut topo; izan ere, arrantzale askoren kasuan, izena barik, ezizena da nortasunaren adierazle nagusia. Gainera, ezizen askotan, itsasoarekin edo arrantzarekin lotutako berbak agertzen dira. Adibidez, asta bako tuntuxa edo trabeseko panela edo abotxa edo balantzada.
Mundua ikusteko modu bat dira, kultura baten oinarri nagusiak.