AZTI-Tecnaliak egindako Juvena 2011 kanpaina zientifikoaren emaitzen arabera, 2011ko irailean 205.000 tona inguru antxoa izan dira itsasoan, udaberrian jaiotakoak denak ere. Emaitza horiei jarraiki, 2012ko antxoaren kostera edo arrantzaldiari begira, datu horiek positiboak dira; izan ere, uztailaren 1etik indarrean dagoen antxoaren TAC edo Urteko Harrapaketa Tasari (29.700 tona) eustea ahalbidetuko diote EBri.
AZTI-Tecnaliak egindako Juvena 2011 kanpaina zientifikoaren emaitzen arabera, 2011ko irailean 205.000 tona inguru antxoa izan dira itsasoan, udaberrian jaiotakoak denak ere. Emaitza horiei jarraiki, 2012ko antxoaren kostera edo arrantzaldiari begira, datu horiek positiboak dira; izan ere, uztailaren 1etik indarrean dagoen antxoaren TAC edo Urteko Harrapaketa Tasari (29.700 tona) eustea ahalbidetuko diote EBri.
Biomasaren emaitzei erreparatuta, negu honetan aurreko urteetakoaren antzeko biziraupen-maila gertatzen bada, 2012an biomasa ugaltzailearen stocka Arreta Biomasaren maila (ICES/CIEM Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak 33.000 tonako muga ezarri zuen) baino handiagoa izateko aukera oso handia dago.
Juvena 2011 kanpaina zientifikoa irailean burutu zen Itsasoko Idazkaritza Nagusiaren Emma Bardan itsasontzian eta Itsas Lagunak inguraketa-ontzian. AZTI-Tecnaliako zientzialariek antxoa gazteen ugaritasuna kalkulatu dute arrantzaren eta kanpaina akustikoaren bitartez; kanpaina akustikoa zera da itsasora ultrasoinuak igortzea, eta ultrasoinu horien erreboteari esker, aztertzen ari den eremuan zenbat antxoa dauden zehazki kalkula daiteke.
Kanpaina horretan, Bizkaiko Golkoaren barruan antxoa gazteen banaketa-eremu oso zabala aurkitu dute, iazkoaren oso antzekoa eta aurreko urteetako kanpainetakoa baino askoz ere handiagoa.
Juvena 2011 kanpainaren helburuak honako hauek izan dira: antxoa gazteen ugaritasuna eta banaketa espaziala zehaztea, antxoa gazteen egoera ikustea eta horien biziraupenean eragina izan dezaketen ingurumen-faktoreak aztertzea, betiere hurrengo urtean heldu izatera iritsiko den biomasa kantitatea -urte 1 edo gehiago duena-aurreikusteko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak, Itsasoko Idazkaritza Nagusiak eta Europar Batasunak finantzatzen dute Juvena kanpaina. Kanpainaren emaitzei esker, arrantza-agintariek gomendioak eman ditzakete antxoaren harrapaketa kopuruari buruz (TAC analitikoak).
Antxoa gazteen kanpainaren osagarri, Bioman Kanpainan Bizkaiko Golkoan dagoen antxoaren biomasa ugaltzailea kalkulatzen da, tonatan. 1987. urtean hasi ziren azterketa hori egiten eta ICES/CIEM Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak antxoaren nazioarteko ebaluazioa egiteko funtsezko zutabeetako bat da.
Antxoaren kanpaina 2011. urtean
Euskadiko portuetan lehorreratu diren antxoa kopuruak 8.750 tona gainditu ditu, kiloko, bataz beste, 2,06 euro ordaindu da eta, guztira 18 milioi eurotik gorako dirusarrerak eman ditu. 2010.ean berriz -bost urte itxirik egon ondoren antxoa arrantza ireki zen urtea-, 4.700 tona baino gehiago lehorreratu ziren, bataz beste, 2,72 euro kiloko ordaindu ziren lonjan eta 13 milioi euro baino gehiagoko salmentak izan ziren.