Arrantzaleak zientzilariei begira daude, azken urteetan hegaluzearekin gertatzen ari denaren buruzko azalpen esker, AZTI-Tecnaliako Atunen Kudeaketa ermuko ikertzailea den Haritz Arrizabalagarekin hitzegin dugu, gaur egun hegaluzeari buruz dagoen informazioaren berri jasotzeko.
Arrantzaleak zientzilariei begira daude, azken urteetan hegaluzearekin gertatzen ari denaren buruzko azalpen esker, AZTI-Tecnaliako Atunen Kudeaketa ermuko ikertzailea den Haritz Arrizabalagarekin hitzegin dugu, gaur egun hegaluzeari buruz dagoen informazioaren berri jasotzeko.
Haritz, hasteko, egingo al zenuke Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek harrapatzen duten hegaluzearen populazioaren egoeraren erradiografia?
Zientzialarion azken txostenen arabera, hegaluzearen biomasa Ipar Atlantikoan gehiegi ustiatua dago. Halere, diagnostiko hau informazio urrian oinarritua dela onartzen da, eta ikerketa gehiago bultzatzea gomendatzen dugu diagnostikoa fintzeko.
Euskal Herrian espezie oso ezaguna den arren, haren bizimodua eta ohiturak ezezagunak al dira oraindik?
Neurri handian bai. Badakigu urtero iristen direla gure uretara, batez ere gazteak, baino ez dakigu ondo, adibidez, non igarotzen duten negua, edo non erruten duten.
Irizpide zienfikoak aintzat hartuta, gehiegi arrantzatzen den espeziea al da?
Ez azken urteetan, baino badirudi aurreko hamarkadetan asko harrapatu izanagatik biomasa ikutua dagoela. Halere, azken urteetan ezarri diren neurriak errespetatzen ari dira eta horrek bere onera ekarri behar luke hamar bat urtetan.
Beste espezie askoren kasuan sarritan salatu izan dute zientzialarien irizpideak eta politikoenak ez datozela bat, alegia, zientzialariek TAC txikiagoak gomendatu arren, azkenean politikariek TAC handiagoak onartzen dituztela. Hegaluzearen kasuan horrela gertatzen al da?
Politikoek, erizpide zientifikoez gain, beste erizpide garrantzitsuak ere kontutan hartuko dituzte, sozialak eta ekonomikoak esaterako. Hegaluzearen kasuan, halere, indarrean dagoen TAC-a zientzialariek gomendatutakoa da.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak iaz baino %40 hegaluze gutxiago harrapatzen ari dira, batez ere hegaluzea ez delako sartu Bizkaiko Golkora. Zergatik?
Hipotesi desberdinetan lanean ari gara. Alde batetik, posible da sartu izana, baino detektatu ez izana. Halere, erabilitako marka elektronikoek erakusten dutenez, Bizkaiko Golkoan nahiko azalean ibilitzen da (hemendik kanpo oso sakon ibili daitekeen arren), eta beraz, sartu balitz, flotak detektatuko luke. Posibleagoa da sartu ez izana, eta hori ingurugiroan emandako aldaketengatik, edo kanpoan janaria topatu izanagatik izan liteke, edo bien konbinario bategatik. Izan ere, hegaluzeak Bizkaiko golko barrura sartzen direnean, normalean baino ur epelagoa topatzen dute. Hau komeni zaie barruan dagoen janaria (antxoa adibidez) oso energetikoa delako. Baino kanpoan nahikoa janari eta “goxoa” topatu ezkero, agian ez dute Golko barruan “beroa” pasatzen ibili beharrik.
Arrantzaleek urrunago (ipar mendebalderago) joan behar izan dute hegaluze bila. Hegaluzeak ur hotzagoetara joan al dira?
Ur haiek ez dira hotzegiak hegaluzearentzat. Ur sakonetara ohitua dagoen espeziea da, eta ez da ur beroen (tropikalen) oso laguna. Bestalde, Euskal Herritik Irlandarako bidea luzea da itsasontzi batentzat, baino hegaluzearentzat agian ez da hainbeste, kontutan izanda beraien igeri egiteko gaitasuna (Atlantiko osoa zeharkatu dezakete, eta urtero egiten dute iparekialderako joan etorria, janari bila).
Uraren tenperatura, elikagaien kopurua… aldatu al dira Bizkaiko Golkoan?
Lanean ari gara ea faktore fisikoren bat edo janaria aldatu den ikusteko. Baino lehenago jakin behar dugu ze baldintza gustoko dituen hegaluzeak, ze temperatura, ze janari… gauza asko ikusi eta ikasi ditugu, baino gehiago daude ikasi beharrekoak, eta espezie hau aztertzea itsaso zabalean, gaur egun eskura daukagun teknologia erabilita, erronka da.
Hegaluzearen elikagaietako bat antxoa da. Aurreko urteetako antxoa faltak izan al du eraginik hegaluzearen ohitura aldaketan?
Antxoa oso janari gustokoa du hegaluzeak, oso energetikoa delako, baino denetarik jaten daki (perlita, krilla, ur sakonetako arrainak…). Gainera, aurten nahikoa antxoa egon da ta halere ez da sartu, beraz ezin esan hori denik arrazoi nagusia behintzat.
Aurtengo kontua da ala azken urteetan ere nabaritu duzue hegaluzearen migrazio ohiturak aldatu egin direla?
Kontutan izanda ze migraziotaz ari garen (ozeano zabalean, hegaluze talde handiak, adin ezberdinetakoak, Atlantiko erdialdetik iparekialdeko kantilaldera, ura berotzen doan neurrian), ulertzekoa da urtez urte aldaketak nabaritzea (bi urtetan migrazioa berdin berdin ez ematea). Urte arraroak izan dira lehen ere, ta horren atzetik egoera “normaldu”. Kontua da, jadanik 3 urte arraro doazela eta horrek agian tendentzia orokorrean ematen ari den aldaketa bat nabarmendu lezakeela.
Hegaluzearen stock-a jaisten ari dela esan nahi al du?
Hipotesietako bat da. Biomasa gutxitzen ari balitz, normalagoa litzateke bazter hauetara gutxiago iristea. Hori stockaren ebaluaketa berri bat egiten denean argitu daiteke. Horretarako, hegaluzea harrapatzen duten herrialde guztietako zientzialariak elkartzen gara denon artean azterketa egiteko.
Hegaluze gutxiago egon al da beste leku batzuetan ere?
Ba aurten Irlanda eta Frantziako arrastariek arrantza ona egin omen dute. Azaldu den hegaluzea haien arrantzalekutik gertuago egon da.
Ze motatako azterketak egiten dituzue itsasoan hegaluzearen migrazioak aztertzeko?
Azken hamarkadetan, 20000 hegaluze inguru markatu dira ipar Atlantikoan, herrialde askotako zientzialarien ahaleginarekin. Hegaluze hoiek beste nonbait harraptuak badira, nondik nora joan diren jakin daiteke, baino ez daukagu bien bitartean egin duenaren berri. Gaur egun marka elektronikoak daude, txip moduko batzuk, atunaren posizioa, sakonera eta temperatura grabatzen joaten direnak, eta hegaluze bakoitzaren nondik norakoak erakusten dituztenak. AZTIn horiekin gabiltza lanean.
Iaz hasi zineten hegaluzeetan satelite bidezko markagailuak erabiltzen (bestelakoak lehenagotik erabiltzen dituzue). Urtebetean jaso duzuen informaziotik zer nabarmenduko zenuke?
Lehen aldiz, hegaluzeek bizkaiko golkoa uzteko hartzen duten bideari zantzua hartu diogu. Emaitza hauen arabera, Bizkaiko Golkoan hegaluzeak nahiko ur azalean egoten dira. Urria haseran, alde egiten hasten dira, eta behin Galiziatik behera doazela, Portugal parean edo, konportamendua aldatzen dute eta ur sakonagoetara jeisten dira egunez, eta gauez nahiko ur azalean jarraitzen dute. Ozeanoan nahiko ohikoa da animalia txikiz (krustazeo, molusko…) osatutako kapa bat sakoneran egotea egunez, eta urazaleratzea gauez. Uste dugu hegaluzeak migrazio berak egiten dituela, gora eta behera, animalitxo horietaz elikatzen den bitartean, gau eta egun.
Eta zer nolako azterketak egiten dituzue laborategian?
Laborategian, hegaluzeen elikadura aztertzen dugu beraien urdailak aztertuz, azterketa genetikoak egiten ari gara ikusteko ea talde ezberdinak dauden edo denak populazio bakarrari dagozkion, euskal flotraren arrantza datuak prozesatzen ditugu Bizkaiko Golkoko biomasa indizeak ateratzeko (gora edo behera doan ikusteko) eta talde internazionaletan parte hartzeko, método estadistikoak erabiltzen ditugu ingurugiroaren efektuak aztertzeko, eta modelo matematikoak populazio osoaren dinamika aztertzeko.