Behe Aptiarra (duela 120 milioi urte inguru) bolkanismo biziko garaia izan zen Lurrean. Erupzioek CO2 kopuru handia igorri zuten atmosferara, eta karbonoaren zikloa irauli. Horren ondorioz, aldaketa handiak izan ziren lur-sistemari dagokionez. Aldaketa horiek Aralarreko itsas ingurumenean (orduan itsasoa zen) nola eman ziren aztertu du María Isabel Millán ikertzaileak, eta ezusteko bat baino gehiago izan du. UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesian azaldu ditu ondorioak.
Behe Aptiarra (duela 120 milioi urte inguru) bolkanismo biziko garaia izan zen Lurrean. Erupzioek CO2 kopuru handia igorri zuten atmosferara, eta karbonoaren zikloa irauli. Horren ondorioz, aldaketa handiak izan ziren lur-sistemari dagokionez. Aldaketa horiek Aralarreko itsas ingurumenean (orduan itsasoa zen) nola eman ziren aztertu du María Isabel Millán ikertzaileak, eta ezusteko bat baino gehiago izan du. UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesian azaldu ditu ondorioak.
“Palaeoceanographic changes record during the Early Aptian of Aralar” (Aldaketa paleozeanografikoen erregistroa Aralarreko Behe Aptiarrean) izena du Millanen doktore-tesiak. Aralarren ezaugarri geologikoak kontuan hartuta, Behe Aptiarrean izan ziren aldaketek bertako sedimentuetan ere arrastoa utzi zuten susmoa zuen Millanek, eta bertako azaleratzea zehatz-mehatz aztertzeari ekin zion. Hain zuzen ere, Aralarren garai hori islatzen duten materialak orain arte aztertutakoak baino adierazgarriagoak direla ikusi du ikertzaileak, eta hori izan da tesiko lehen ezustekoa. Izan ere, munduko beste toki batzuetan geruza-multzoek 20 metroko lodiera dute Behe Aptiarra ikertzeko, eta Aralarren, berriz, 1.000 metrorainokoak aurkitu ditu Millanek.
{xtypo_quote_right}Aralarren geruza-multzoek 1.000 metrotarainoko lodiera dute Behe Aptiarra ikertzeko, munduko beste toki batzuetan 20 metrokoa besterik ez duten bitartean.{/xtypo_quote_right}
Beste inon topatu ez duten gertakaria
Behe Aptiar garaian OAE1a (Oceanic Anoxic Event 1a) delakoa izan zen itsasoko aldaketa global nagusienetakoa; itsas hondoko oxigenoaren bat-bateko murrizketa, alegia. Fenomeno hori Aralarren ere erregistratu zela frogatzeko asmoz, hainbat metodologia baliatu ditu Millanek. Batetik, ammonite fosilak erabili ditu; harrien adina zehazteko oso onak dira eta sedimentu artean horietako asko aurkitu ditu. Bestetik, teknika analitikoak baliatu ditu materia organikoan aberastutako harriak identifikatzeko. Izan ere, garai hartan atmosferan eta ozeanoan zerbait garrantzitsua gertatzen zenean, black shales izeneko harri batzuk agertzen ziren ozeanoen hondoan; harri horiek materia organikoz aberastuta zeuden, eta horren arrastoak gordetzen zituzten geruzetan. Karbonoaren isotopo egonkorrak erabili ditu, gainera, Millanek, haren jatorria eta proportzioa CO2-kontzentrazioaren araberakoa delako eta, Behe Aptiarrean, hain zuzen ere, jatorri bolkanikoko CO2-aren ugaritze handia gertatu zelako. Hori horrela, OAE1a gertakariaren adierazle diren harriak aurkitu ditu sedimentuen artean, eta, beraz, mundu osoko fenomeno hura Aralarren ere gertatu zela egiaztatu du.
OAE1a gertakariaren bila zebilela, oraingoz Aralarren soilik aurkitu duten beste gertakari bati ere atzeman dio Millanek. Izan ere, materia organikoan aberastutako beste sedimentu-tarte bat ere aurkitu du, gertakari geologiko handi baten erakusgarri. Tarte horretan aurkitutako ammoniteek erakusten dutenez, gertakari hori ez dagokio OAE1a gertatu zen garai berberari, beranduagoko bati baizik: Behe Aptiar Garaia. OAE1a gertakari zabalaren azpigertakari bat izan daitekeela uste du Millanek. Tokiko gertakaria litzateke honako hau, ez baita beste inon halakorik agertu oraingoz, eta ikertzeke dago beste inon baliokiderik ote duen.
Iturria: Basque Research