Arrantza-sektorean laneko arriskuak prebenitzea eta gutxitzea da “Lan seguruaren eta Arrantza-maniobren Gidak” izeneko giden helburua; arlo honetako profesionalei, trebakuntza jasotzen duten gazteei eta prebentzio-lanak egiten dituztenei zuzenduak dira. Gida horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren arrantza-modalitate guztien azterketa xehatu bat egiten da, eta modalitate horietan segurtasunez aritzeko kontuan hartu beharreko ekintzak biltzen dituzte. Itsaspreben, Arrantza Sektoreko Lan Arriskuen Prebentziorako Plan Sektorialekoa da ekimen hau.
Gidaliburuei esker, arrantza-modalitate bakoitzeko prozesuak eta maniobrak xehetasunez ezagut daitezke, eta prozesu eta zona kritikoak eta arriskutsuak identifikatu. Gainera, benetako lan-jarraibideak ematen dituzte, eta itsas ingurunean bideragarri diren ohitura eta prozesuak aholkatzen dituzte; hori guztia, lanak modu seguruan egiteko ikuspegitik. Arrantza-modalitate askori buruzko informazioa biltzen dute. Alturakoen artean, banakako eta binakako arrastea; baxurakoen artean, inguraketa-sarea, beita bizia, kaza eta lerro bertikala; arte xeheetan, mailasarea, tretza eta otarreak, eta atun-ontzietan, inguraketa-sarea.
Eskuliburuak CD-formatuan argitaratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nautika-eskola guztietan banatuko zaizkie, trebakuntza-material gisa, bai arrantza-sektoreko profesionalei, bai etorkizuneko langileei.
“Lan seguruaren eta Arrantza-maniobren Gidak” Itsasprebenen oinarrizko helburuetako bat betetzen du; alegia, sektoreko profesionalei eta belaunaldi berriei informazio egokia eskaintzea, profil profesional gaituagoa izan dezaten, arriskuen berri emanez eta lan bakoitzean prebentzio- eta babes-neurri egokiak eta errealak zein diren jakinarazteko. Material grafiko eta ikusizko ugari dute osagarri, eta lanera zuzendutako trebakuntzan nahiz sektoreko moduluetan eta gaitasun profesionalen arloetan erabil daitezke.
Sektoreko lan-istripu asko itsasoaren muturreko kondizioen ondorioz gertatzen dira: hondoratzea, iraultzea, hondoa jotzea… Baina “giza faktoreak” ere zeresana du istripu askotan. Adituek diotenez, istripu batzuetan sumatu izan da langileek ez zutela behar den moduko formaziorik, edo esperientzia falta zutela, edo zuhurtziagabetasunez jokatu zutela. Arrantzatzeko modu bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, ezinbestekoa da espezialitate bakoitzak bere formazioa izatea. Istripuei buruzko estatistikek diotenez, arrantza-sektorean lan-istripu bat izateko probabilitatea 1,2 aldiz handiagoa da eraikuntza-sektorean baino, 2,5 aldiz handiagoa industria-sektorean baino, eta 6 aldiz handiagoa zerbitzuen sektorean baino.