Aste lanpetua izan dugu Marmoka Project egitasmoan!
Euskal kostaldea mugaren bi aldeetan marmokez josia ikusteko aukera izan dugu, surflari eta hondartzara gerturatu zaretenon buru hauste izan dira marmokak pasa den ostegunean hasi eta igandera bitartean. Zarautzeko triathloia ere duathloi bilakatu behar izan zuen antolakuntzak ez usteko bixitari hauen presentzia handiagatik.
Gurean oso naturala den Pelagia noctilucak nahikoa oihartzun izan du azken egunetan ikuskizun eder baina era berean hondartza erabiltzaileentzat deserosoa sortu duelako. Espezie hau gure kostaldeko ohizko espezie bat da, halako talde handietan aurkitzen da itsaso zabalean eta noiz behinka haize eta korronteak medio gure kostaldera gerturatu eta hondartzaratzera irits daiteke pasa den astean ikusi eta pairatu dugun bezalaxe. Guztiz naturala eta normala den gertaera bat da.
Gu, Bizkaiko golkoko eta euskal kostaldeko marmoka espezie ezberdinek duten garrantzi ekologikoa aztertzeko lanean gogor aritu gara, hondartzaratze hauek horretarako eman diguten aukera galdu gabe. Baina nola ez azpimarratu herritarrek emaniko laguntza, hondartzetan lagundu gaituzuen guzioi eskerrak eman nahi dizkizuegu lerro hauen bitartez, bereziki Gasteizko SAN VIATOR IKASTOLAko DBH 3.b eta 3.c mailetako ikasleei. Laginketa prozesuan lan bikaina egin zenuten eta hemen gure eskerrik beroena emaniko harreta eta laguntzagatik.
Iturria: Nagore Zaldua (AZTI-Tecnaliako ikertzailea)