Ondartxo Arraiak akuikultura-enpresak Getariako instalazio berriak aurkeztu ditu. Akuikulturako ekoizpenean ura birzirkulatzeko sistemen teknika eta errentagarritasuna neurtzeko azterketa pilotu bat ari dira egiten zentro horretan. 4 miloi inguruko inbertsioa eduki duen proiektu honek, guztiaren %45ean Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantziatu du, Arrantzarako Egiturazko Funtsak (AEF) programaren bitartez.
Ondartxo Arraiak akuikultura-enpresak Getariako instalazio berriak aurkeztu ditu. Akuikulturako ekoizpenean ura birzirkulatzeko sistemen teknika eta errentagarritasuna neurtzeko azterketa pilotu bat ari dira egiten zentro horretan. 4 miloi inguruko inbertsioa eduki duen proiektu honek, guztiaren %45ean Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantziatu du, Arrantzarako Egiturazko Funtsak (AEF) programaren bitartez.
2004an sortu zuten Ondartxo enpresa Orruak (akuikultura-sektoreko enpresa) eta AZTI-Tecnaliak (itsasoaren eta elikagaien ikerketan diharduen zentro teknologikoa), itsas espezieak ekoitzi, ikertu eta garatzeko, ondoren Espainiako eta nazioarteko arrantza- eta akuikultura-produktuen merkatuak haiekin hornitzeko. Proiektu honekin, zirkuitu itxian itsas ekoizpeneko jarduerak abiarazteko know how teknologikoa garatu eta baliozkotu nahi du Ondartxok. Erreboiloa, mihi-arraina eta bakailaoa oinarri hartuta, EAEko nekazaritza- eta elikagai-sektoreetako interesgarriak diren beste espezie batzuen ekoizpenean teknologia horien aplikazioa eta garapen jasangarria sustatzea da helburua.
Espainiako akuikulturako sektorean -mihi-arrainari eta erreboiloari dagokienez behintzat-, hazte-fasean (hatchery) eta/edo gizentze-aurrekoan bakarrik erabili ohi dira zirkuitu itxiko teknologiak edo ura birzirkulatzeko sistemak; gizentze-fasean, berriz, irekiko zirkulazio-sistema konbentzionalak erabiltzen dira. Ondartxon egiten ari diren ikerketen xedea da ziklo eta bolumen osoan erabiltzeko moduko ur-sistemak aplikatzea itsas espezie baten ekoizpenean.
Bakailaoaren akuikulturaren bideragarritasuna aztertzen aitzindari
Bakailaoaren akuikultura, berriz, ez da existitu ere egiten Espainiako merkatuan. Honenbestez, aitzindaria da Espainian (baita Europan ere) Ondartxok garatu behar duen bakailaoa gizentzeko proiektu pilotua, zeinak ura birzirkularazteko ingeniaritzak erabiliko dituen. Egun, Norvegian, Islandian, Irlandan eta Erresuma Batuan bakarrik daude espezie horren itsas hazkuntzarako zentroak; hala ere, herrialde horietako gehienetan itsas fiordetan kokatutako kaioletan hazten dute.
Urtarrilean abiaraziko den berrikuntza-proiektu orokor honetan, bakailao-loditzeari buruzko I+G+B proba bat ere egingo da, espezie horren hazkuntza eta ekoizpen-errentagarritasuna arautzen duten faktoreen eragina ulertzeko, gero Euskal Herrian espezie hori merkaturatzen saiatzeko.
Ura birzirkulatzeko sistemak
Azkeneko 30 urteotan garatu eta hobetu egin dituzten arren, akuikulturako oso enpresa gutxik ezarri dituzte, itsas espezie baten ekoizpenean, ziklo eta bolumen osoko ura birzirkulatzeko sistemak, zenbait arrazoirengatik: inbertsio-kostuak, energia-kostuak, uraren kalitatea, ezagutzarik eza… Horregatik, sistema horien teknika eta errentagarritasuna aztertuko ditu Ondartxok, Euskal Herriko akuikultura-sektorean erabiltzea bideragarria den jakiteko.
Aipatutako hiru espezieekin egingo diren proba pilotuei esker, teknologia-mota hori erabiltzen duten enpresak sortu ahalko dira. Bestalde, ekoizpen-lekuak merkatuko hurbilago egongo dira; beraz, garraio-kostuak murriztu egingo dira, eta produktuaren bizi baliagarria, luzatu. Horretaz gain, lekua hobeto aprobetxatzen lagunduko du teknologia horrek. Garrantzi handia du alderdi horrek, ikusirik gure kostaldean akuikultura-instalazioak jartzeko dagoen leku-urritasuna. Bestalde, ura asko aurreztuko da, % 90 zenbait kasutan.