AZTI-Tecnaliak, itsasoko eta elikagai ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, ozeanoetako nazioarteko uretan arrantza kudeatzearekin erlazionatutako mundu osoko zientzialari ospetsuak bilduko ditu maiatzaren 12 eta 13an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dituen jardunaldietan. Topaketa hori nazioarteko TXOTX (Technical eXperts Overseeing Third country eXpertise) proiektuaren amaiera izango da.
AZTI-Tecnaliak, itsasoko eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, ozeanoetako nazioarteko uretan arrantza kudeatzearekin erlazionatutako mundu osoko zientzialari ospetsuak bilduko ditu maiatzaren 12 eta 13an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dituen jardunaldietan. Topaketa hori nazioarteko TXOTX (Technical eXperts Overseeing Third country eXpertise) proiektuaren amaiera izango da.
Proiektu horren helburu nagusia da ozeanoetako hainbat eskualdetan garatutako arrantza-ikerketari buruz ahalik eta informazio gehien biltzea, herrialdeen, arrantzako eskualde-erakundeen eta arrantza-kudeaketarako beste erakunde batzuen arteko koordinazio eta kooperazio eraginkorra lortzeko. Hori guztia, itsas ingurunearen eta haren arrantza-baliabideen jasangarritasunaren alde eginez.
AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren helburuetako bat da euskal ontzidiak ustiatutako arrantza-baliabideak hobeto kudeatzen laguntzea. Horretarako, ekimen ugari jartzen ditu abian, eta horien artean dago TXOTX proiektua, Europako Batasuneko VII. Esparru Programaren zati dena. Europako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diruz laguntzen diote proiektuari. Proiektua 2008ko apirilean hasi zen, eta Bilbon amaituko da orain, munduko Arrantza Eskualdeetako Erakunde nagusien 30 ordezkari baino gehiago eta arrantza-interesak dituzten beste hainbat herrialdetako ordezkariak bilduko dituen topaketan.
Arrantzaren Eskualdeetako Erakundeetako zientzialariek, eta nazioarteko arrantza-sektoreko agenteek, hiru urtez batu dute informazioa eta Euskalduna Jauregian egingo diren bi lan-jardunaldietan bateratuko dute. Horrek guztiak arrantza-baliabideen ikerketaren, ebaluazioaren eta kudeaketaren ikuspegi bateratua emateko helburua du, bereziki Europako ontzidiek jarduten duten eremuetan, bai nazioarteko uretan bai hirugarren herrialdeetan. Gainera, proiektuaren bidez, EBak etorkizunean susta ditzakeen ikerketak gehiago koordinatzeko aukerak aztertuko dira, arrantzaren kudeaketarako irizpenei laguntzeko. Hala, zientzialarien ondorioak eta gomendioak Europako Batasunera eta nazioarteko beste erakunde batzuetara bidaliko dira, etorkizuneko arrantzako politika zientifikoen oinarrizko informazio gisa balio dezaten.
TXOTX proiektuak ikuspegi bateratu bat eman nahi du bereziki Europako ontzidiek jarduten duten eremuetako -bai nazioarteko uretako bai hirugarren herrialdeetako uretako- arrantza-baliabideen ikerketari, ebaluazioari eta kudeaketari buruz. Horrenbestez, TXOTX proiektua oinarrizkoa da baliabideen nazioarteko kudeaketa arrazionala lortzeko. Izan ere, arrantzaren kudeaketan beharrezkoa da nazioarteko lankidetza zientifikoa, baliabideak ongi ebaluatzen direla eta era jasangarrian kudeatzen direla ziurtatzeko.
Baliabideen jasangarritasuna
Estatuek ustiatzen dituzten arrantza-baliabideen jasangarritasuna zaintzeko obligazioa dutenez, modu aktiboan parte hartu behar dute, arrantza arduratsua eta ikerketa zientifiko egokia eta koordinatua sustatzeko. EBren kasuan, ekintzek koherenteak izan behar dute gai hori arautzen duten eta itsas baliabideen jasangarritasunaren aldekoak diren nazioarteko hitzarmen nagusiekin (UNCLOS, CCRF, UNIA, CMDS); horrez gain, Europako politika guztien arteko koherentzia ziurtatu behar dute.
AZTI-Tecnalia buru duen TXOTX ekimenean Europa, Amerika eta Afrikako beste 10 erakundek parte hartzen dute: Britainia Handiko Ingurumenerako, Arrantzarako eta Akuikultura-zientziarako Zentroak (Cefas) eta Londresko Imperial Collegek; Txileko Arrantza Sustatzeko Institutuak (IFOP); Suediako Stockholmeko Unibertsitateak; Hego Afrikako Cape Town Unibertsitateak; Botswanako Nazioarteko Arrantzaren eta Itsas Garapenaren Aholkularitzak (NFDS-Afrika); Seychelle uharteetako Arrantza Agintaritzak; Marokoko Arrantza Ikerketako Institutu Nazionalak (INRH), eta Tanzaniako Itsas Ikerketako Institutuak (IMS) eta Arrantza Institutuak.