Estibaliz Díaz, AZTI-Tecnaliako errekurtso demertsalen saileko biologoak, martxoan Oria ibaian egindako aingira europarraren birpopulaketa formula desberdinetaz hitzegin digu elkarrizketa honetan.
Oria ibaia birpopulatzeko lanetan ari da Azti-Tecnaliatik. Zein helbururekin?
Oraingoz ez gara birpopulatzen ari, baizik eta birpopulaketa formula desberdinak testatzen ari gara eraginkorrak ote diren aztertzeko. Emaitzak dauzkagunean ikusiko dugu, birpopulatzeak merezi ote duen, eta egitekotan zein da erarik eraginkorrena.
Aingira europearraren egoera oso larria da, erreklutamendua asko jauzi da, eta horren ondorioz, Europear batasunak Europako nazioei errekuperazio plan bat egiteko agindua eman zien. EEAkoa 2008an aurkeztu zen. Plan horretan, neurri desberdinak proposatzen dira, arrantza zein ingurugiroari dagozkionak. Plana aurkezterakoan ez geneukan oso argi birpopulazioa egitea komenigarria ote zen, eta egitekotan zein zen formularik egokiena; eta proiektu honetan (Fundación Biodiversidad, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ura eta EKOLURekin elkar lanean) hori ari gara testatzen hain zuzen ere.
Zein da orain arte jarraitu duzuen bidea? Zeintzuk izango dira prozesu honetan aurrera egiteko emango dituzuen hurrengo pausoak?
Hiru formula desberdin testatzen ari gara. Lehenengo saioa 2011ko ekainean egin zen: Orbeldin (Oriaren behe-ibilguan) goranzko migrazioan harrapatutako 2.410 angula zahar Ursuaranera eraman ziren. Bigarren eta hirugarren saioetan, Oriako 14 arrantzaleren laguntza izan zen, urtarrilaren 24 gauean harrapatutako 6,464 kg eman baitzituzten. Angulen erdia Zegaman bota zen, zuzenean. Beste erdia, berriz, bi hilabetez gizendu da Mutrikuko akuikultura-eskolan, eta Agauntza ibaian (Ataun) askatu dira.
“Formula berriak” probatzen ari omen zarete. Zertan oinarritzen dira formula berri hauek?
Egia esateko, egiten ari garena ez da berria Europa mailan, beste leku batzutan gu testatzen ari garen hiru formulak erabiltzen dira. Guk jakin nahi duguna da zein den hobeto funtzionatzen duena gure erreketan. Formula bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu; adibidez, gizentzerakoan, aingirak sendoagoak dira; baina baliteke gero berriro ondo ez moldatzea ingurune naturalera, non beraiek bere bazka bilatu behar dute eta harrapakarietaz babeztu behar diren.
Asko murriztu al da azken urteetan aingiraren populazioa ibaian?
Europa mailan orokorrean populazioak oso beherakada nabarmena jaso du. Erreklutamendua, alegia, gure kostaldetara iristen diren angulen zenbakia, minimo historikoetan dago. Hala ere, Oriaren kasuan, ibaiaren uraren kalitatea igo denez, eta zenbait oztopo kendu direnez aingiraren bidetik, orain dela 10 urte baino aingira gehiago dago ibaian.
Gainera animalia dagoeneko desagertuta zegoen Oriako hiru puntutan askatu dituzue angulak. Zergatik?
Bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, leku horietan ez dago aingirarik bertara heltzeko oztopoak dituztelako; baina aingira hasteko leku oso aproposak dira ordea habitataren kalitateari dagokionez. Bestalde, bertan aingirarik ez dagoenez, ez genituen aingirak markatu behar bertoko populaziotik bereizteko. Markaketak prozesua zailtzen du, eta aingiraren biziraupen eta hazketan eragina izan dezake.
Askatutako hauei jarraipena egingo diezue datozen hilabetetan ezta? Nola?
Askatutako aingiren biziraupen-, ugaritasun-, hazkunde- eta dispertsio-tasak alderatzeko arrantza-elektrikoen bidezko laginketak egingo ditugu datorren udan eta udazkenean. Harrapatutako aleak kontatu eta neurtuko ditugu horretarako.
Horretaz gain, Oriako angula biomasa eta gizakiaren eragina aztertzeko asmoa duzue ikerketa sakonago batean. Zergatik? Zer espero duzue aurkitzea?
Espeziearen berreskuraketarako kudeaketa egokia egiteko, ezinbestekoa da errekan gertatzen denaren informazioa edukitzea. Aingirak errekan inpaktu antropogeniko desberdinak jasotzen ditu errekan, eta inpaktu horiek neurtu behar ditugu kudeaketa egoki bat egiteko. Lehenik eta behin, angularen Oriako estuarioko angulen biomasa kalkulatu behar dugu eta gizakiak arrantzaren bidez,eragindako inpaktua aztertu behar dugu, eta proposamen bat egin arrantza modu jasangarrian kudeatzeko. Bigarrenik, aztergai den eremuko zentral hidroelektrikoen ondoriozko hilkortasun-tasa ere kalkulatuko dugu, eta inpaktua murrizteko neurriak proposatuko dira. Azkenik, kalkulatuko da zenbait aingirak lortzen duten Oriatik irtetea eta Sargazoen itsasora (Ozeano Atlantikora) ugaltzera itzultzea. Gipuzkoako ibai horretako esperientzia eredu gisa erabiliko da Espainia iparraldeko arro guztietan espeziea kudeatzeko; izan ere, Oriaren antzeko ezaugarriak dituzte.
Emaitza zehatzik gabe, zein esango zenukete dela Oria ibaiaren egungo egoera?
Lehen komentatu bezala, aingiraren egoera hobetu da azkeneko urteetan Oria ibaian. Baina horrek ez du esan nahi bere egoera ona denik. Horrez gain, aingira europearrak populazio bakar bat osatzen du; beraz aingiraren egoera ez da ona izango bere egoera Europa mailan ona izan arte; eta hori Europa mailan hartzen diren neurrien araberakoa izango da. Beraz, gure erreketara iristen diren angulen kopurua igo arte, ezin izango dugu esan aingira berreskuratu denik.