AZTI-Tecnaliako ikertzaile-talde batek ikerketa bat egin du, Gipuzkoako zenbait estuarioren kalitatean eta sedimentuan eztainu-tributilak (TBT) sortutako kutsadurak zer bilakaera izan duen aztertzeko. Garai batean, ontzietan erabiltzen zen TBTa, algen eta itsasoko organismoen aurka babesteko pinturetan, biozida gisa, eta erregaiaren eta mantentze-lanen gastuak gutxitzeko balio zuen…
AZTI-Tecnaliako ikertzaile-talde batek ikerketa bat egin du, Gipuzkoako zenbait estuarioren kalitatean eta sedimentuan eztainu-tributilak (TBT) sortutako kutsadurak zer bilakaera izan duen aztertzeko. Garai batean, ontzietan erabiltzen zen TBTa, algen eta itsasoko organismoen aurka babesteko pinturetan, biozida gisa, eta erregaiaren eta mantentze-lanen gastuak gutxitzeko balio zuen.
Itsas ingurunea aztertzeko eta babesteko nazioarteko hainbat erakunderen eta hitzarmenen gomendioei jarraitzen die ikerketak, eta bi gasteropodo-espezietako (itsas kurkuiluak) imposex-maila ebaluatu du (emeen anatomian dauden ezaugarri maskulinoak).
EHUko ikertzaileek 2000. urtean egindako azterketa batekin erkatuz gero (azterketa hartan oso kontzentrazio altua atzeman zen Gipuzkoako estuarioetan), emaitza berriek adierazi dute TBT-kontzentrazioa txikitu egin dela sedimentuan, nahiz eta oraindik ere eragina duen ingurumenean. Emaitza normala da, kontuan hartzen badugu laurogeiko hamarkadatik TBTaren erabilera mugatuz joan zela, 2008ko urtarrilean debekatu zen arte.
Sedimentuaren azterketa egiteaz gain, imposex-aren ikerketak itsas ingurumenaren kalitatea aztertzeko aukera eman du. Imposex-maila altuena Lezo inguruan aurkitu zen (Oiartzun ibaiaren estuarioa). Aztertutako espezieetako eme guztiek oso garatuak zituzten penisa eta hodi deferentea. Itsas trafikotik urrun dauden guneetako emeek, aldiz, ez zuten imposex-ik. Aipatutako produktuak eragin ez zien animaliekin ere egin ziren probak: imposex-ik ez dagoen guneetako gasteropodoak sartu ziren Pasaiako portuan 75 egunez. Horietatik % 39k penisa edo hodi deferentea garatu zuen epe horretan.
Hori dela eta, zera ondorioztatu dezakegu: TBTaren bioerabilgarritasuna aztertzeko transplanteak erabiltzea tresna eraginkorra da inguruneko hobekuntzaren segimendua egiteko, hobekuntza hori TBTa erabiltzeko Europako debekuak bultzatu duenean. Hori guztia datozen urteetan egiaztatu ahal izango dugu, arrisku-guneetan segimendua eginez.