“Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean” erakusketa antolatu dute AZTI-Tecnaliak (itsasoari eta elikadurari buruzko ikerketan espezializatutako zentroa) eta Donostiako Aquariumak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Abendura arte egongo da ikusgai erakusketa Donostiako Aquariumean. Alex Iturrate donostiar argazkilariaren irudiek hurbildu egiten diote ikusleari euskal kostaldeko marea arteko eremuko -itsasbeheraren eta itsasgoraren arteko zatia- jarduera biologikoa eta biodibertsitatea, ezezaguna gehienontzat.
“Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean” erakusketa antolatu dute AZTI-Tecnaliak (itsasoari eta elikadurari buruzko ikerketan espezializatutako zentroa) eta Donostiako Aquariumak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Abendura arte egongo da ikusgai erakusketa Donostiako Aquariumean. Alex Iturrate donostiar argazkilariaren irudiek hurbildu egiten diote ikusleari euskal kostaldeko marea arteko eremuko -itsasbeheraren eta itsasgoraren arteko zatia- jarduera biologikoa eta biodibertsitatea, ezezaguna gehienontzat.
“Mugan” erakusketak -AZTI-Tecnaliaren dibulgazio-jarduerakoa- itsas ekosistema eta alor horretako adituen ikerketen emaitzak gizarteratzea du helburu. Erakusketa 100 metro karratuko areto batean dago, eta lau zati ditu: lehena, “marearteko eremua” deritzonaren eta mareen funtzionamenduaren deskribapena; bigarrena, organismoek ingurunera egokitzeko dituzten estrategiak; hirugarrena, marearteko eremuko biodibertsitatea; eta, laugarrena, ingurune horretaz errespetuz gozatzearen garrantzia.
“Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean” erakusketaren helburu nagusia da “eremu honen balio handia ezagutzera ematea eta martearteko inguruen erabilera begirunetsu bat sortzea. Azken finean, itsas-ekosistemetako kudeaketa eta espezie eta habitat naturalei buruzko europear zuzendaritzak konplitzeko dibulgatu eta hezitzea”.
Neurri handiko eta atzetik argiztatutako argazkiek erakutsiko diete bisitariei marearteko eremuaren biodibertsitatea. Alex Iturrate gipuzkoar urpekari eta Tecnomar enpresako argazkilariak atera ditu argazkiak. Testuak, berriz, modu atsegin eta didaktikoan idatzi dituzte AZTI-Tecnaliako ikertzaileek. Horrez gain, bideoak ere badaude, irudi ikusgarriekin, AZTI-Tecnaliako adituen eta Asier Hilario geologoaren –Zumaiako biotopoko zientzia-koordinatzailea- lanari esker.
Aldatzen ari den ingurune batera egokitzen
Erakusketaren ibilbidea hasteko, marearteko eremua deskribatzen da: mareen joan-etorrien mendeko leku bat da, eta horrek aldaketa handiak dakarzkie ingurune horretako ingurumen-aldagaiei (argia, tenperatura, gazitasuna eta olatuak, besteak beste). Aldaketa horiek denbora gutxian gertatzen dira; hori dela eta, leku horretako baldintza fisikoak eta kimikoak askotarikoak dira, eta han bizi diren organismoek egokitu egin behar dute leku aldakor horretara. Izaki bizidunen estrategiak dira, hain zuzen, erakusketaren funtsezko elementuetako bat. Bizirauteko borrokak lau ardatz nagusi ditu: lehortzea saihestea, oxigeno faltari aurre egitea, eguzkiak zuzenean ez jotzen saiatzea eta harkaitzetara lotzea, olatuen oldarraldiei aurre egiteko.
Marearteko eremuaren ezaugarria da biodibertsitatea, eta argi islatzen da erakusketan. Irudiek, bideoek eta testuek inguru horretan bizi diren algen, ornogabeen eta arrainen aberastasuna erakusten dute. Itsas zaldiak, blenidoak, nudibrankioak, itsas izarrak, belakiak eta muxarrak ageri dira, besteak beste. Azkenik, ingurune horretaz errespetuz eta arduraz gozatzeko gakoak ematen dizkie erakusketak bisitariei. Udan izaten dute kalterik gehiena eremu horretan, jende asko ibiltzen baita; horregatik, berebiziko garrantzia du haren biodibertsitatea ezagutzeak, hori baita lehen pausoa errespetatzen ikasteko.