Korala miresgarria da, ederra. Hainbeste, non milioika euro mugitzen baitira honekin lotutako negozioetan. Ur tropikaletako arrainek eta izaki bizidunek ere koral artean aurkitu dute bizitzeko lekurik aproposena eta denen artean osatzen dituzten arrezifeak hain zuzen, itsasoko ekosistema bioanitzenak dira. Aberastasunari dagokionez, soilik oihan tropikalekin dira alderagarriak.
Korala miresgarria da, ederra. Hainbeste, non milioika euro mugitzen baitira honekin lotutako negozioetan. Ur tropikaletako arrainek eta izaki bizidunek ere koral artean aurkitu dute bizitzeko lekurik aproposena eta denen artean osatzen dituzten arrezifeak hain zuzen, itsasoko ekosistema bioanitzenak dira. Aberastasunari dagokionez, soilik oihan tropikalekin dira alderagarriak.
Erromatarrek Corallium rubrum deitu zioten Mediterraneoan aurkitu zuten altxor natural horri. Koloretsua, erakargarria zen. Harria ote zen? Landarea ote zen? Gugana koral gorria izenarekin heldu da eta gaur egun harekin egiten diren negozioek milioika euro mugitzen dituzte. Geroztik, koral gorriaz harago, hamaika mota aurkitu dituzte, horiek guztiak koral izen arruntarekin ezagutzen diren arren. Bitartekoek ahalbidetu zuten neurrian, ikerketek ere aurrera egiten zuten eta, hala, XIX. mendearen amaierako espedizio ozeanografikoetan, zientzialariek Mediterraneoan eta itsaso epeletan bizitzeaz gain, koralek ur hotzetan ere bizirauteko gaitasuna bazutela deskubritu zuten, zirkulu polar artikoan atzeman baitzituzten. Sakontasun handietan zeuden, bertan egonkortasun handia dagoelako eta hori ezinbesteko baldintza delako korala arriskurik gabe garatu eta ugaldu dadin.
Ez zen haietaz deskubritu zuten gauza bakarra izan. «Zientzian ezer ez da dirudiena. Uste zenaren aurka, korala animalia baita, ez landarea», dio Raul Castro Azti Teknaliako ikertzaileak. Hain zegoenez zabaldua okerreko ustea, XVIII. mendera arte begetalen taldean sailkatuta izan zuten biologoek.
Mundu osoan koral izenarekin ezagutzen den arren, milimetro batzuk besterik neurtzen ez dituen animalia ornogabea berez polipo bat da. Izaki ñimiño honek muturretako bat hondoan itsatsita du eta bestean irekidura txiki bat du, ahoaren funtzioa betetzen duena. Ahoa, aldi berean, tentakulu txikiz inguratuta dago. «Guk korala deitzen diogun hori polipo kolonia oso bat da, bata bestearen alboan pilatuta», azaltzen du Maria C. Uyarrak, bera ere Azti Teknaliako ikerlaria.
Ornogabea bada, zer dira orduan egitura gogor horiek? Polipoak alga baten laguntzaz sortzen dituen egiturak. Ezagunenetako bat Australiako Barrera Handia da (Unescok 1981ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen). Denborarekin, polipoak hil egiten direnean, kaltziozko egiturak mantendu egiten dira eta bertara beste polipo batzuk iritsiko dira, egiturari jarraipena emateko. Harri itxura duen egitura hau da, hain zuzen, bitxigintzan edo dekoratzeko piezak egiteko erabiltzen dena.
Sinbiosia, hil ala biziko harremana
Animalia honek eskaintzen duen ikuskizun handienetako bat, bere itxura alde batera utzita, sexualki ugaltzen denean azaltzen da -asexualki ere egin baitezake-. «Karibean urtean behin edo bitan gertatzen da, itsasaldien arabera edota iraileko azken ilargi betean. Astebetez polipo emeek arrautzak botatzen dituzte eta arrek espermatozoideak. Zelula sexual horiek guztiak egun batzuez noraezean ibiliko dira, topo egin arte. Azalera egokia aurkitzean, ernaldu egingo dira». Arrain askok arrautzak jateko aprobetxatzen dute baina honek ez ditu ugalketa aukerak gutxitzen, milioika barreiatzen direlako.
Koralen beste berezitasunetako bat zooxantela izeneko alga mikroskopikoarekin duen harremana da, sinbiosian bizi baitira. Horrek esan nahi du bien arteko kontaktu hori ezinbestekoa dela biek ala biek biziraun dezaten. «Arrezife tropikalak sakonera txikiko itsasoetan egoten dira; izan ere, alga honek fotosintesia egin behar du, eta honenbestez, eguzkiaren argia behar du. Algak argia hartzen duenean elikagaia sortzen du polipoarentzat eta, gainera, uretan dagoen karbonatoa eta kaltzioa jaso eta finkatzeko gaitasuna du egitura gogorrak osatzen laguntzeko. Polipoak trukean, babestu egiten du zooxantela eguzkiaren ultramoreen esposizio zuzenetik», azaldu du Uyarrak.
Algarekin duen sinbiosiari esker gainera, koralek kolore biziak dituzte: urdina, berdea, horia, gorria, laranja… gizakiaren begietara hain ikusgarriak diren kolore abanikoak osatuz.
Sinbiosia harreman sentikorra da, eta horrenbestez, oso hauskorra. Bizitzeko baldintza aproposak aldatzen direnean, besteak beste, itsasoaren gazitasun maila edota uraren tenperatura aldatzen direnean, sinbiosia apurtu egiten da. «Ez dakigu alga joan egiten delako edo polipoak bota egiten duelako, baina harremana hautsi egiten da eta korala hil daiteke». Hau gertatzen denean, korala zuri gelditzen da eta egoera honetan oso zaila da atzera egitea. Salbuespen bakarretakoa dira koral gorria eta horia, hil arren ez baitute kolorerik galtzen. Horregatik erabiltzen dira bitxigintzan.
Koralekin batera, arrainak, itsas izarrak, anemonak eta itsas belakiak bizi dira, besteak beste, eta, denen artean osatzen dute arrezife deitutakoa. Hainbeste espezie daude bertan, non itsas ekosistema bioanitzena baitira, eta aberastasunari dagokionez, soilik oihan tropikalekin dira alderagarriak. «Arrezife tropikalek itsas hondoaren % 0,01 besterik ez dute hartzen -dio Uyarrak- eta, hala ere, azalera txiki horretan, milioi bat eta bederatzi milioi espezie artean bizi dira», azaldu digute. Gainera, olatuen aurka hesi naturalaren funtzioa ere betetzen dute arrezifeek. «Kostalde asko babestu egiten ditu, batez ere gaur egun etengabe hazten ari den itsas mailaren aurrean». Hor ez dira arrezifeen onura naturalak amaitzen, uretan dagoen karbonoaren finkatzaileak baitira -zuhaitzek atmosferan dagoenarekin egiten duten bezalaxe-, berotegi efektua geldotzen lagunduz. Halaber, minbizia eta tuberkulosia bezalako gaitzak sendatzeko produktu farmazeutiko ugari ekoizten dira bertatik.
Turismoa, bi ahoko arma
Zuritzearekin estuki lotuta daude kutsadura edota berotze globala, eta hauek zorrozten diren neurrian, okupatzen duten azalera murriztu egiten da. «Arrezifeen %24 berehala desagertzeko mehatxupean bizi da, eta %26arekin beste hainbeste gertatuko da epe luzera», dio Uyarrak. Esku artean dituen txostenen arabera, azken hamarkadetan Pazifikoko arrezifeak %50 murriztu dira; etaKariben, 1978an, arrecifeen %50 koral biziez osatuta zegoen bitartean, 2003an, %10a besterik ez.
Ikuspuntu turistikotik, goxoki erakargarriak dira arrezifeak eta honi esker jende asko bizi da. Uyarraren hitzetan, gaur egun 500 milioi pertsona inguru bizi dira ekosistema hauei esker, besteak beste, gero eta hedatuagoa den urpekaritzatik. Urtero, milaka pertsonek bidaiatzen dute hauek bertatik bertara ikusteko helburuarekin.
Jarduera horrek guztiak herri horietan diru asko sortzen du, baina bi ahoko arma da. Ekonomia etengabe mugitu bai, baina baita asko kutsatu ere. Honekin batera, klima aldaketa eta honen eraginez gero eta ugariagoak diren urakanak ere kontuan hartzeko dei egiten du Uyarrak, baina kontziente da hau guztia geldiaraztea zailagoa dela. Horregatik jarrera pertsonal txikienetik hastea iradokitzen du.
Ohartarazteko zenbateko kaltea eragin daitekeen halako bidaia batekin, zerrendatu egiten ditu ekintza guztiak: «Lehendabizi hegazkina hartuko dugu, pelikuletakoak bezalakoak ikusteko tropikora joan behar garelako eta heldu garenerako karbono isuri handiak jaurti ditugu atmosferan. Erreserbatutako hotelean igerilekua izango dugu ziur aski eta hain zuzen, halako lekuetan ez dituzte urak tratatzeko sistemak. Zuzenean osagai kutsakorrak itsasora jaurtitzen dira. Iritsi da urpekaritza egiteko eguna eta bertara txalupatxoan eramango gaituzte. Oraingo honetan itsasora jaurtiko ditugu isuriak. Ailegatzean aingura bota eta uretara! Urratu dugu itsas hondoa».
«Antza minik ematen ez duen bisita» kaltez osatutako kate bat dela iritzi du. «Koralarekin egin daitekeen gauzarik onena ez ukitzea da», dio Uyarrak. Hala bermatuko ditugu itsaso gardenetako oihan tropikalak.
Teknologia aurreratuak eta honek ekarri dituen abantailak
Mimoz baina batez ere kontu handiz zaintzen dituzte koralak Donostiako Aquariumen. Hain hauskorrak izanik, gauza asko izan behar dira kontuan, huts bakar batek korala kaltetu edo hil baitezake. Honetaz guztiaz asko daki Arantza Garmendia biologoak, berak zaintzen baititu, beste hamar kiderekin batera, arrainontziak.
Teknologiaren garapenak, Donostiakoari bezalaxe, gainontzeko akuarioei asko lagundu diela iritzi du Garmendiak, orain urte batzuk pentsaezina baitzen koralak euren habitatetik at hazi ahal izatea.
Turistarentzat erakargarriak dira, baina batez ere arrain eta beste izaki bizidunen mesedetan dituzte, euren bizileku naturala fideltasun handiaz erreproduzitu baitezakete.
Donostian hogei espezie baino gehiago dituzte, eta elikatzeko, egunean behin fitoplanktona ematen diete. Habitataren baldintza berberak irudikatzeko, ura 25 C°-ra mantentzen dute, eta foko berezi batzuekin argiztatzen dituzte arrainontziak. Egunaren orduaren arabera, egunsentia edo iluntzea ere iradokitzen dute. Zainketak akuarioetatik harago doaz, izan ere «zauriak» dituzten koralak zaintzeko gela berezi bat dute. Osatzen direnean, besteekin jartzen dituzte
Iturria: Oihane Larretxea. Gara aldizkarian argitaratua.