AZTI-Tecnaliak, itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, Europako ehun aditutik gora bilduko ditu, Europako arku atlantikoko itsasoko habitatak sailkatzeko zientzia-terminologia eta -ulermen bateratu bat bilatzeko. Apirilaren 23an eta 24an egingo da topaketa, Donostiako Aquariumean, eta MESHAtlantic proiektuko jardueretako bat da. Garapenerako Europako Funtsaren Eremu Atlantatiko Nazioz haraindiko Lankidetza Programak finantzatzen du proiektu hori.
Itsas baliabideen kudeaketak eta ozeanoetako biodibertsitatearen zaintzak itsasoko ekosistemen eta habitaten banaketaren ezagutza zientifiko sakona izan behar dute oinarri. Arlo horietan ezagutza sakonagoa lortzea eta Europako eskualde-itsasoetako habitatak sailkatzeko ulermen zientifiko eta terminologia bateratuak lortzea da MESHAtlantic-en helburu nagusietako bat.
Itsas hondoen mapa berriak egitea funtsezkoa da habitaten banaketa nolakoa den jakiteko eta aurresateko, bai eta itsasoko ekosistemak gizakiari ematen dizkion ondasunak eta baliabideak zein diren ahalik eta modurik zehatzenean jakiteko ere. MESHAtlantic proiektuaren helburua da Europako eremu atlantiko osorako batimetrien, hondo-moten eta habitaten serie kartografikoak sortzea. Halaber, interes komunitarioko espezieak eta habitatak babesteko Natura 2000 sarearen barnean dauden eremuen mapa xehatuak ere egin nahi ditu. Zientzialariek egingo dituzten mapa horien helburu nagusia da erabilgarriak izatea eta itsas arloko legeak egiten dituzten eta arlo horretako gaiak kudeatzen dituzten erakundeen beharretara egokituak egotea.
Era berean, habitaten Europako sailkapen-sistemari buruz eztabaidatuko dute espezialistek, hots, Naturari buruzko Informaziorako Europako Sistemari buruz (EUNIS, ingelesez) -Europako Ingurumen Agentziak (EIA) kudeatzen du sistema hori-, eta hura hobetzeko ekimenak proposatuko dituzte, itsas ingurunearen kudeatzaileentzako sailkapen homogeneoagoa eta erabilgarriagoa lortzeko.
Topaketan horretan, Espainiako, Frantziako, Portugaleko, Finlandiako, Norvegiako, Italiako, Irlandako, Erresuma Batuko, Greziako eta Estatu Batuetako itsas arloko ikerketa-zentroetatik etorritako adituak bilduko dira, bai eta EIAko ordezkariak ere. Mahai-inguru bat egingo da jardunaldiaren amaieran. EIAko ordezkariek gidatuko dute mahai-inguru hori, non zientzialariek habitaten egungo sailkapenari buruzko eztabaida egingo duten eta hobekuntzak proposatuko dituzten.
Itsas habitatei buruzko informazioa eta kartografia ezinbestekoa da Europako legedia behar bezala ezartzeko eta baliabideak kudeatu eta biodibertsitatea zaindu ahal izateko neurriak hartzeko.