Dakarreko Kanpainak du izenburua José María Ferarios Lázarok (AZTI-Tecnaliako teknikaria) idatzi duen liburuak, eta Afrikako mendebaldean atuna harrapatzeko Bermeoko arrantzaleek bizi izandako gorabeherak kontatzen dizkigu. 1956tik 1965era bitartean, Bizkaiko arrantzale askok jo zuten Afrika aldera, Kantauri itsasoan arrantza egiterik ez zegoen neguko “atsedenaldiak” aprobetxatuz. Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan egingo da —bihar, maiatzaren 24an, 19:00etan— liburuaren aurkezpena. Han izango dira idazlea; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila), eta ANABAC eta OPAGAC erakundeetako eta Bermeoko Kofradiako ordezkariak, liburua zeinek argitaratzen lagundu duten, gure zentro teknologikoarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Ia berrehun orrialde ditu Dakarreko Kanpainak liburuak, eta Afrikan atunaren arrantzan aitzindari izan ziren zenbait lagunen lekukotasunak jasotzen ditu. Horrez gain, baditu argazkiak, garai hartako prentsan argitaratuko berriak, era guztietako dokumentazioa eta bibliografia zabala ere. José María Ferariosek hainbat urtez egin duen dokumentazio-lan eskergaren emaitza dugu hori guztia.
Dakar aldean Bermeoko arrantzaleek eta (neurri apalagoan) Bizkaiko beste portu batzuetakoek egin zituzten bederatzi kanpaina nagusien xehetasunak azaltzen dizkigu idazleak liburu honetan. 1956. urtean hasi zen istorioa. Negua gogorra ari zen izaten euskal portuetan, arrantzaren krisia zela medio, eta Bermeoko hegaluze-flotak Afrikako kostaldera jo zuen, tunido bila.
Kanpaina onak eta ez hain onak izan zituzten arrantzaleek, baina guztietan nabarmendu zen haien ausardia, lana eta sakrifizioa. Izan ere, oso urrutira abiatu ziren, ekipamendu oso eskaseko ontzietan, eta tropikoko klima jasan behar izan zuten. Aitzindari haietako batzuen bizipenak jaso ditu liburuak. Hona hemen zer dioten, apaltasun osoz: “Egin behar genuena besterik ez genuen egin: arrantzan egin, eta familia aurrera atera”.
Bizkaiko Golkoan tunidoak kanaberaz arrantzatzeko teknikaren jatorria eta haren bilakaera ikertu du Dakarreko kanpainak liburuaren egileak. Idazleak dioskunez, kanpaina haiek “ekarri zuten egungo Bermeoko atunketari izoztaileen flota bikainaren garapena”. Bestalde, liburuaren beste asmoetako bat “arrantzale ausart haiek omentzea izan da, garai hain zailetan eta arrantza-leku hain urrunetan egindako ahaleginagatik”, dio egileak.
Josu Santiagok, AZTI-Tecnaliako Tunidoen Ataleko Ikerketa arduradunak eta Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko (ICCAT) Komisio Zientifikoko presidenteak, idatzi du Dakarreko kanpainak liburuaren hitzaurrea. Santiagok dioenez, “euskal arrantzaren historiako atal nahiko ezezagun bat berreskuratu du liburuak: Bermeoko flotaren Afrikako abentura. Sekulako garrantzia izan zuen abentura hark garai hartan eta, batez ere, egungo atunketari izoztaileen flotaren ernamuina izan zen”.
Liburuaren dokumentazio-lana (handia) eta edizioa egiteko, hauen laguntza eta finantziazioa izan du José María Ferariosek: AZTI-Tecnalia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunaren Saila, Bermeo San Pedro arrantzale-kofradia, Atun-ontzi Izoztaileen Armadoreen Elkarte nazionala (ANABAC-OPTUC), Atunsa, Inpesca, Pevasa, Echebaster Fleet SLU, Atun-ontzi Izoztaile Handien Ekoizle Elkartuak (OPAGAC), Atunera Dularra SL, Albacora SA, Compañía Europea de Túnidos, Nicra 7 SL, Petusa, Atunera Sant Yago SA, Ugavi de Tùnidos SL eta Calvo SArena.
Bermeoko Udalaren standean izango da salgai liburua Arrain Azokan; ondoren, berriz, herriko turismo-bulegoan. Liburua argitaratzen lagundu duten erakundeek, bestalde, bat egiten dute apirilaren 11n Bermeoko alde zaharrean izandako suteak kaltetutakoen aldeko elkartasun-mezuekin, eta, aho batez, erabaki dute kaltetuei ematea liburuaren salmentarekin lortzen den diru guztia.