AZTI-Tecnaliak, itsasoaren eta elikaduraren ikerketan aditua den zentro teknologikoa, eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO) pasa den abuztuaren 29an ekin zion JUVENA 2013 kanpaina zientifikoari. Kanpainaren helburu nagusia da zenbat antxoa gazte (eta non) dagoen jakitea, eta zehaztea zer prozesu ozeanografikok esku hartzen duten espezie horren erreklutamenduan Bizkaiko Golkoan. Ikerketa hori egiteko, Azti-Tecnaliako eta IEOko aditu-talde bat abiatu da, Gijongo portutik, IEOren flotako Ramón Margalef ontzian. Ondoren, irailaren 1ean, aipatutako bi erakunde horietako beste ikertzaile-talde bat itsasoratu zeb, Gijongo portutik hori ere, Itsas Idazkaritza Nagusiko Emma Bardán ontzian.
2003az geroztik ari da egiten kanpaina hau euskal zentro teknologikoa. 2012az geroztik, berriz, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin (IEO) batera egiten du. Antxoa gaztearen populazioa zenbatekoa den zehaztea du xede ikerketak. Udaberrian errundako eta hurrengo urteko udaberrian (urtebeterekin) arrain heldu eta ugalkorrak izango diren antxoei deitzen zaie “gazte”. Horrez gain, antxoaren egoera biologikoa ere aztertuko dute ikertzaileek, eta haien biziraupenari eta erreklutamenduari eragiten dieten ingurumen-faktoreak ere ikertuko dituzte. Antxoa gaztearen populazioaren kalkuluari esker aurreikusiko da zenbat antxoa heldu izango den datorren urtean. JUVENA kanpainaren emaitzak honetarako erabiltzen dira: zenbat antxoa harrapa daitekeen iradokitzeko arrantza-alorreko agintariei.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Itsas Idazkaritza Nagusiak eta Espainiako Ozeanografia Institutuak finantzatzen dute azterketa, eta 35 egun iraungo ditu. Denbora-tarte horretan, Bizkaiko Golkoa ia oso-osorik zeharkatuko dute bi ontziek. Azti-Tecnalia antxoa gaztearen ikerketaz arduratuko da; IEO, berriz, erreklutamendu-jarduerarekin lotutako alderdi ekologikoez. Metodo akustikoez baliatuko dira zientzialariak antxoa gaztearen populazioa kalkulatzeko. Metodo horrekin, ultrasoinuak igortzen dira itsasora, eta haien oihartzunak aztertzen dira, azterketa-eremuaren biomasa kalkulatzeko.
Beste helburu batzuk ere badituzte zientzialariek: antxoa gaztearen egoera biologikoa eta portaera aztertzea, eta baldintza ozeanografikoak eta ekosistema pelagikoaren (uraren azaletik hurbilen dagoena) osagaiak ikertzea. Osagai horien artean dira planktona, arrain pelagikoak eta antxoaz elikatzen diren goi-harrapariak (itsas hegaztiak eta ugaztunak). Ekosistema horren ezagutza oso lagungarria da antxoaren garapen-prozesua (larba-etapatik urtebetera iritsi arte) ulertzeko.
Tamaina ertain edo txikiko bi ontzi erabiltzen ditu JUVENA kanpaina zientifikoak, zingo txikiari esker oso ondo azter baitezakete antxoa gaztearen populazioa, zeina ur-zutabearen lehenbiziko metroetan bizi ohi den. Bi ontzi erabiltzeko beste arrazoi bat da oso zabalera handia azter dezaketela denbora gutxian. Izan ere, antxoa gazteak nonahi bizi daitezke urte-sasoi honetan: itsas barruko ur ozeanikoetan, kostatik hurbileko uretan…