COASTWATCH itsasbazterrari buruzko Europako Ingurumen Hezkuntza programaren Euskal Autonomia Erkidegorako egokitzapena da AZTERKOSTA. Europako proiektu hori 80ko hamarkadaren amaiera aldera sortu zen Irlandan, eta 1992tik dugu gure artean.
Harrezkero, itsasbazterraren berezitasunak ezagutarazten, horrek dituen arazoak jakinarazten eta gizartea kostaldeko gune naturalak babesteko beharraz kontzientziatzen lagundu nahi duen tresna dugu AZTERKOSTA.
Asmoa kostaldearen ahalik eta zatirik handiena aztertzea da eta, horretarako, uda amaieran harremanak hasten dira hainbat kolektiborekin (ikastetxeak, aisialdiko elkarteak, elkarte, ekologista eta naturazaleak, udalak eta abar) programan parte har dezaten gonbidapena luzatzeko. Izen emate epea amaitu eta kolaboratzaileen sarea osatu ondoren, kanpaina nondik nora joango den azaltzeko hainbat bilera egiten dira eta bertan taldeei beharrezko materiala ematen zaie landa irteera egiteko: mapa, datuak biltzeko galdetegiak, uraren analisia egiteko materiala eta abar. Landa lan hori egiteko kosta 500 metroko zatitan banatzen da, eta horietako bakoitza talde bati ematen zaio, taldeak duen interesaren eta kostaldea ahalik eta gehien hartzeko dagoen beharraren arabera.
Landa irteera egitean talde parte-hartzaileek ingurunearekin harreman estua ezartzen dute, inguru hori zehatz-mehatz aztertzen dute eta 500 m-ko zati bakoitzeko galdetegi erraz bat betetzen dute. Galdetegi horretan beraiei emandako zatiaren honako datuak bilduko dira: ezaugarri orokorrak, bertan bizi diren izaki bizidunak, zati horrek dituen ingurumen arazoak…
Gainera, AZTERKOSTAk Euskal Herriko kostaldearen egoerari buruzko balorazio orokorra egiteko aukera ematen du, eta baita kostaldeko kudeaketa hobetzeko iritziak eta ideiak jasotzeko ere: arazoak antzeman, legearen aurkako ekintzak salatu edo kontserbatzeko interesgarriak diren eremuak proposatu.