AZTI-Tecnalia zentro teknologikoko teknikariek angula zaharrak (bi hilabetez gizendutako angulak) askatu zituzten pasa den martxoaren 9an Oria ibaiaren arroan, Gipuzkoan. Iazko maiatzean martxan jarri zen birpopulatzeko proiektu pilotuaren parte da ekintza hau, eta birpopulazio-formulak alderatzea du helburu, hala, espeziearen berreskurapenari laguntzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko planean ezarritako kontserbazio-helburuak bultzatzeko. Birpopulatzeko programa AZTI-Tecnaliaren esku dago, eta Biodibertsitatea Fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) laguntza du.
Gaur egun espeziea desagertuta zegoen Oriako hiru puntutan, angulak, angula zaharrak eta aingirak askatu dituzte, eta, leku bakoitzean, formula desberdina erabili dute. Lehenengo saioa 2011ko ekainean egin zen: Orbeldin (Oriaren behe-ibilguan) goranzko migrazioan harrapatutako 2.410 angula zahar eta aingira Ursuaranera eraman ziren. Bigarren eta hirugarren saioetan, Oriako 14 arrantzaleren laguntza izan zen, urtarrilaren 24 gauean harrapatutako 6,4 kg eman baitzituzten. Angulen erdia Zegaman bota zen, zuzenean. Beste erdia, berriz, bi hilabetez gizendu da Mutrikuko akuikultura-eskolan, eta gaur askatu dute, Agauntza ibaian (Ataun).
Zentro teknologikoko teknikariek, EKOLUR aholkularitza-enpresarekin batera, arrantza elektrikoa egingo dute aldian behin, hiru formulen bidez lortzen diren biziraupen-, ugaritasun-, hazkunde- eta dispertsio-tasak alderatzeko. Emaitzen arabera, zenbait neurri proposatuko dizkiote teknikariek Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Uraren Euskal Agentziari (URA), espeziea berriro sartzeko epe luzeko programa bat diseinatzeko, eta, hala, espezieko ale-kopurua handitzeko eta espeziea Oriaren arro guztian mantentzeko.
Birpopulatzeari buruzko azterketez gain, beste helburu batzuk ere baditu proiektuak. Lehenik eta behin, angularen Oriako estuarioko biomasa kalkulatzea eta gizakiak eragindako inpaktua aztertzea, eta proposamen bat egitea arrantza modu jasangarrian kudeatzeko. Bigarrenik, aztergai den eremuko zentral hidroelektrikoen ondoriozko hilkortasun-tasa ere kalkulatuko da, eta inpaktua murrizteko neurriak proposatuko dira. Azkenik, kalkulatuko da zenbait aingirak lortzen duten Oriatik irtetea eta Sargazoen itsasora (Ozeano Atlantikora) ugaltzera itzultzea. Gipuzkoako ibai horretako esperientzia eredu gisa erabiliko da Espainia iparraldeko arro guztietan espeziea kudeatzeko; izan ere, Oriaren antzeko ezaugarriak dituzte.
Angulak askatzen parte hartu duten hiru erakundeetako ordezkariek eskerrak eman dizkiote Mutrikuko akuikultura-eskolari, han gizendu baitira bi hilabetez gaur askatutako angula zaharrak. Ale horiek angula-fasean harrapatu zituzten, urtarrilean, tokiko arrantzale batzuek. Proiektuaren arduradunek eskerrak eman dizkiete haiei ere, publikoki, ekimen honetan parte hartzeagatik.
Interes zientifikoa eta arrantza-tradizio handia
Ibai-aingira (Anguilla anguilla) espezie berezia da ikuspegi biologikotik, interes zientifiko handikoa, eta arrantza-tradizio handia dago haren banaketa-eremuan, Euskadi barne. Ia Europa osoan eta Afrikako iparraldean bizi da espezie hori. Gehienbat ur gezatan hazten da, eta Sargazoen itsasoan ugaltzen da.
Azken hamarkadetan, aingiraren populazioek gainbehera handia jasan dute Europan, hainbat faktore direla medio: habitatak galtzea eta asaldatzea, kutsadura, ibaietan alde batetik bestera joateko oztopoak, gehiegizko arrantza, aldaketa ozeanografikoak, gaixotasunak eta bizkarroiak.
Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko plana
Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko plana 2010eko urrian onartu zuen Europako Batzordeak, eta Europako Kontseiluaren 1100/2007 Erregelamenduaren (2007ko irailekoa) ondorio da. Erregelamendu hark ibai-aingiraren populazioa berreskuratzeko neurriak arautzen zituen, bai eta segimendu- eta ikerketa-programak ere.
Programak neurri zehatzak dakartza, bai eta segimendu-plan bat eta ikerketa-plan bat ere. Aingiraren hilkortasuna murriztea du helburu, eta, horretarako, hainbat neurri proposatzen ditu: arrantza murriztea, espeziea berriro sartzeko neurriak hartzea, habitatak eta ibaiaren konektagarritasuna hobetzea, harraparitzaren kontra egitea eta akuikulturarekin lotutako bestelako ekintza batzuk.
Beste zenbait neurriren artean, muga hauek jarriko zaizkio angula-arrantzari:
– Arrantza-baimenak berritzeko neurriak zorrotz bete beharko dira.
– Kupoa: 2 kg angula arrantzale eta eguneko, modalitate eta arro guztietan.
– Arrantza-denboraldia laburtu egingo da: azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra arte (gaur egun, urriaren 15etik martxoaren 15era artekoa da).
– Hiru ibai nagusitako erreserben adierazpena (Oiartzun, Urumea eta Barbadun), eta bigarren mailako bi ibaitakoena (Iñurritza eta Andrakas).
Lau urte dira debekatuta dagoela aingira arrantzatzea.