Arrantzaleen eta atunen arteko buruz buruko borroka da artisautza-arrantzaren irudi epiko eta zirraragarriena. Arrantzalearen eta ozeanoko arrain boteretsuenaren arteko borroka gogor hori du ardatz “Atunaren artisau-arrantza: jasangarritasunaren bermea” argazki-erakusketak. Iñigo Onandia AZTI-Tecnaliako ikertzailearen lana da, eta bihar, hilak 2, aurkeztuko da, Getariako udaletxean.
Hamarkada batean baino gehiagoan, Iñigo Onandiak argazkiak atera dizkie bere kamerarekin arrantzaleen lan gogorrari, atunek bizirik irauteko egiten duten borrokari eta euskal flotaren artisautza-arrantzaren teknikari. Argazkiak ateratzen emandako urte horietako laburpena ikusgai dago erakusketa honetan, AZTI-Tecnaliak eta Getariako, Hondarribiko eta Bermeoko arrantzale-kofradiek antolatua. Getariatik Bermeoko Arrain Azokara eramango dute, eta, ondoren, Hondarribira, uztailaren bukaeran.
Iñigo Onandiaren irudiek erakusten dute artisautza-arrantzak ingurumen-balio handia duela; izan ere, itsas baliabideen jasangarritasun-paradigmatzat jotzen da. Halaber, bizitza arrantza-modalitate horri eskaintzen dioten pertsonen aintzatespena da. Argazkiek, orobat, atunaren sendotasuna islatzen dute: arrain handia da eta aparteko biologia du. Kondizio horiek aukera ematen diote ozeanoetan zeharreko migrazioak egiteko: Ameriketako kostaldeetatik, Mediterraneo barruraino, eta latitude tropikaletatik, poloetako uren mugetaraino.
Itsasoak, atunek eta argazkigintzak Iñigo Onandiari pizten dioten grinaren beste emaitzetako bat Atunetan da, Kantauriko tunidoen arrantzari buruzko argazki-liburu bat, Eusko Jaurlaritzak argitaratua. Egilearen irudiak arrantza-ontzietan hartuak daude, non AZTI-Tecnaliarentzako ikerketa-proiektuak egiten baititu.