Antxoak, zenbat eta hobeto hazi, orduan eta aukera handiagoa du bizirauteko. Eta errute-garai betean jaiotzen diren aleak eta berehala kostaldea utzi eta ozeano zabalera jotzen dutenak hazten dira hobekien. Horiexek dira erreklutamendua ona izateko gakoetako batzuk, Naroa Aldanondo biologoak AZTI-Tecnalian egin eta UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesiaren arabera.
Antxoak, zenbat eta hobeto hazi, orduan eta aukera handiagoa du bizirauteko. Eta errute-garai betean jaiotzen diren aleak eta berehala kostaldea utzi eta ozeano zabalera jotzen dutenak hazten dira hobekien. Horiexek dira erreklutamendua ona izateko gakoetako batzuk, Naroa Aldanondo biologoak AZTI-Tecnalian egin eta UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesiaren arabera.
Antxoa gazteen hazkuntza- eta mugimendu-ereduak ikertu ditu Aldanondok, horiek biziraupenarekin zer harreman duten argitu nahian. Young-of-the-year European anchovy in the Bay of Biscay: study of recruitment determining processes based on otolith microstructure analysis (Urteko antxoa europarra Bizkaiko Golkoan: erreklutamenduan eragiten duten prozesuen azterketa, otolitoen mikroegituren analisia oinarri hartuta) du izenburu doktore-tesiak. Gainera, ikerketa horretatik abiatuta idatzi duen testu bati esker, CAF-Elhuyar Saria irabazi du egilearen tesian oinarritutako artikuluaren kategorian. Antxoaren gorabeherak ulertu nahian izenburupean, artikulu “biribila” osatu duela esan du epaimahaiak, “ondo kontatua eta irudi onez hornitua”.
Otolitoak oinarri
Otolitoak izan dira tesia egiteko baliatutako erreminta nagusia. Arrainen oreka-sistemaren parte dira otolitoak, eta adina zehazteko eta hazkuntza nolakoa izan den jakiteko erabili ohi dira; izan ere, arraina hazi ahala, otolitoari eraztunak metatzen zaizkio. Arrain askori egunero metatzen zaizkio eraztun horiek, eta antxoaren kasuan ere hala dela baieztatzeko, antxoa-larbak laborategian hazi ditu Aldanondok, askotariko tenperatura-kondiziotan. Lortutako emaitzei esker, antxoetan ere eraztunen metatzea eguneroko maiztasunez ematen dela berretsi du. Horrenbestez, otolitoan metatutako eraztunek adinaren estimazio zuzena egiten lagundu dezakete.
Bestalde, eraztunon zabaleraren (otolitoaren erradioa) eta arrainaren luzeraren artean lotura estua dagoela berretsi du, baina badaude ñabardura batzuk. Adibidez, tenperatura hotzek desitxuratu dezakete proportzionaltasun hori. Horrenbestez, antxoen hazkuntza erregistratzeko erreminta egokia izan arren, zenbait faktore hartu behar dira kontuan.
Kanpoan azkarrago hazten dira
Itsasoko lanari dagokionez, tesia egiteko antxoa-larbak eta antxoa gazteak harrapatu ditu hiru urtez (2004-06) Aldanondok, antxoa gazteen hazkuntza-tasei, otolitoen eta eraztunen neurriei eta mugimendu-ereduei buruzko datuak xehatzeko.
Datuok eta laborategikoak eskuetan, Bizkaiko Golkoko antxoa gazteak bi taldetan bereizi ditu ikertzaileak: gazte txikiak direnean zonalde ozeanikora atera eta gero Girondako estuariora itzultzen direnak, batetik, eta hasieratik kostaldean geratzen direnak, bestetik. Otolitoen azterketa kimikoak erakutsi duenez, lehen taldekoak askoz ere azkarrago hazten dira (0,88 mm eguneko) bigarrenekoak baino (0,32 mm eguneko). Ikertzaileak tesian azaldu duenez, litekeena da udaberrian eta udan kanpoko urak beroagoak direlako eta ur horietan harrapakinak ikustea errazagoa delako (elikagai-kontzentrazioa txikiagoa izan arren) izatea horren alde nabarmena hazkuntzari dagokionez.
Gainera, emaitzek erakusten dute zonalde ozeanikora atera eta gero itzuli egin diren ale horiek antxoa gazteen populazioaren % 99 osatzen dutela. Horrenbestez, iradoki du antxoa gazteak estuariotik ateratzea garrantzitsua dela erreklutamendu on baterako.
Jaiotza-data, erabakigarria
Erreklutamendua baldintzatzen duten faktoreen artean, jaiotza-data ere erabakigarria da, tesian ageri denez. Antxoen errute-garaiko unerik gorenean (maiatza-ekaina) jaiotzen diren aleek bizirautea lortzen duten urteetan, aukera handiagoa dago erreklutamendua arrakastatsua izateko. Gainera, ikusi da jaiotze-dataren arabera hazkuntza-eredu desberdinak dituztela antxoek. Adibidez, errute-garaiko unerik gorenean jaiotako aleak larba-fasean motelago hazten badira ere, azkarrago hazten dira gazteak direnean. Hala, tamaina handiagoa izaten dute udazkenean, eta bizirauteko aukera handiagoa, ondorioz.
Egileari buruz
Naroa Aldanondo Aristizabal (Donostia, 1978) Biologian doktorea da. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailean aurkeztu du tesia. Unai Cotano Basabe AZTI-Tecnaliako ikertzailearen eta Xabier Irigoien Larrazabal AZTI-Tecnaliako Ozeanografia Biologikoa Saileko buruaren zuzendaritzapean idatzi du lana. Nagusiki AZTI-Tecnalian egin du tesia Aldanondok.
Iturria: Elhuyar. Basque Research