Euskal-kantauriar kostaldearen aurrean —kantauriar kostaldetik 20 mila baino gehiagora— dauden dozenaka kilometroko diametroko zurrunbilo batzuk ikertzen ari da AZTI-Tecnalia. Itsas fenomeno hori —ohikoa Bizkaiko golkoan— lehen aldiz aztertu da, ur-azaletik 1.000 metroko sakoneraraino, Glider izeneko piloturik gabeko urpeko ibilgailu autonomoari esker. Itsaspeko txiki hori uztailaren bukaeratik irailaren bukaerara arte egon da euskal-kantauriar kostaldearen aurrean, gazitasuna, tenperatura, oxigeno disolbatua, klorofila-edukia eta uraren uhertasuna neurtzen. Jasotako datuekin, AZTI-Tecnaliako teknikariek halako itsas egiturei buruzko ezagutza handiagoa izango dute, eta jakingo dute zer ondorio izan ditzakeen itsas ekosisteman, bereziki eremu horretan erruten duten espezieen arrautzetan eta larbetan.
Bizkaiko golkoko zurrunbiloak, orain arte, satelite-irudien, eredu ozeanografikoen eta korronteekin jitoan egoten diren buien bidez aztertzen ziren. AZTI-Tecnaliaren kanpainaren nobedadea da zurrunbiloari in situ eta hiru dimentsiotan beha dakiokeela, Glider itsaspeko planeagailuaren bidez, zeina bertikalki joaten baita uretan, ibilbidea sigi-saga eginez. Itsasoan egon den bitartean, ibilgailu ozeanografikoak zentro teknologikora igorri du, satelite bidez, bilduz joan den informazio guztia. Ikusi da, horrenbestez, zurrunbilo horiek asko aldatzen dutela urtaroen araberako termoklinaren sakonera, bai eta klorofila-kontzentrazioa eta uhertasuna ere. Dena den, zurrunbiloak 1.000 metro baino gehiagoko sakonera izan arren, ikertzaileek ezin dute zehaztu haren luzera bertikala, ezta non sortzen den ere.
Glider-en informazioa osatzeko, GESEBB kanpainak bi buia izan ditu jitoan. Zurrunbiloaren erdira bota ziren buiak, fenomeno horrek sortzen dituen korronteen biratze-abiadurak kalkulatzeko eta atxikipen-gaitasuna aztertzeko. Informazio hori guztia lagungarri izango dute adituek zehazteko zurrunbilo horiek nola eragiten dieten ur pelagikoetan —ur-azaletik hurbilen— bizi diren itsas espezieei. Zientzialariek uste dute ondorioak izan ditzaketela eremu horretako itsas ekologian; batetik, itsas dinamikan eragiten dituen aldaketengatik, eta, bestetik, planktona atxikitzeko gaitasunagatik. Izan ere, inguruan erruten duten hainbat arrain-espezieren arrautzak eta larbak egoten dira han.
Ur sakonak azalerantz
Ikerketak aukera emango du, halaber, jakiteko zurrunbilo horiek zer eragin duten ur-zutabearen egituran. Fenomeno horiek, biratze-noranzkoaren arabera, eremu sakonetako ur-masak azalerantz ekarraraz ditzakete. Oro har, ur sakonak elikagai asko izaten du, eta, azalerantz igotzean —non fotosintesia egiten baita, eguzki-energiari esker—, lehen mailako materia organikoa ekoizten laguntzen du.
Atmosferako ekaitz eta antizikloien itsasoko baliokideak dira ozeano-zurrunbiloak. Dauden eremuko ozeano-zirkulazio orokorra alda dezakete, eta beroa, partikulak eta propietate biogeokimikoak garraiatu beren sorkuntza-eskualdetik. Hala, kostaldean sortzen diren eta gero itsas zabalera joaten diren zurrunbiloek poluitzaileak, elikagaiak eta hainbat espezieren larbak garraia ditzakete.
Aztertutako zurrunbiloak, astiro biratzen direnez, ez dira arriskutsuak itsas zirkulaziorako, eta kokapen geografiko hau dute: kostaldetik 45ºN-ra, eta 2º30’O eta 4º30’O artean. Ozeano-egitura horiek neguan sortzen dira, eta hilabete batzuk irauten dute. Normalean, mendebaldera migratzen dute, baina, urte batzuetan, kondizio ozeanografikoen arabera, urtaro-zurrunbiloak sortzen dira, eta gure kostaldeen aurrean egoten dira hilabetetan.
Eusko Jaurlaritzak eta EBk finantzatutako kanpaina
Europar Batasunak (7. Esparru Programako JERICO proiektuaren bidez) eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak finantzatu dute AZTI-Tecnaliaren ikerketa-kanpaina. Ekimen honen laguntzaile dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, SASEMAR Itsas Salbamendu eta Segurtasuneko Elkartea eta INSU/CNRS Unibertsoko Zientzia Institutu Nazionala (Frantzia).