Gaur Eusko Jaurlaritzako arrantza zuzendari Leandro Azkuek eta AZTI-Tecnaliako zuzendari orokor Rogelio Pozok Bioman 2013 udaberriaren bukaeran Bizkaiko golkoan dagoen antxoaren populazioa ebaluatzeko helburuarekin egin den kanpainaren emaitzak aurkeztu dituzte AZTI-Tecnaliak Pasaian duen egoitzan. Bildutako datuek adierazten dutenez, antxoaren biomasaren behin-behineko indizea 66.000 tona ingurukoa da; hori horrela, baliteke Itsasoaren Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) aurrerago emango duen behin betiko zenbakia berriro ere zuhurtasunezko biomasatik gora geratzea, hau da, 33.000 tonatik gorakoa izatea. Halere, hil honen bukaerara arte itxaron beharko da CIEMen aholkua ezagutzeko.
“Gure portuetara sartu den antxoaren batez besteko prezioa 2,53 eurokoa izan da, aurreko hiru urteetan izandakoa baino prezio handiagoa, eta horrek egin du arrain lonjetako salmenta balioa 17,7 milioi eurotik gorakoa izatea, zehaztu du Azkuek.
Arrantza zuzendariaren iritziz ”datuek antxoaren biomasaren egoera ona erakusten dute, neurri handi batean arrantzaleek egindako arrantza-tokien kudeaketa arduratsuagatik dena”.
Bioman 2013 kanpainan lortutako antxoaren biomasaren gaineko aurretiko kalkuluak iazkoa gainditu du (41.700 tona). Antxoaren biomasaren behin betiko kopurua CIEMek lortuko du, BIOMAN2013 (MPDH) kanpainak eta Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Institutuak (Ifremer) egin duen PELGAS2013 (akustikoa) kanpainak emandako emaitzen eta arrantza ontziek deskargatutako harrapaketen baterako azterketa egin ondoren. ICES/CIEM Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak Antxoa, Sardina eta Txitxarro Stockak ebaluatzeko duen lantaldea, Andres Uriarte Azti-Tecnaliako ikertzaileetako bat Antxoaren lantaldeko buru delarik, aste honetan elkartuko da Bilbon datuak aztertzeko.
ICES/CIEMen azken txostenarekin 2013/2014 arrantzaldirako gomendioak emango dira baimendutako antxoa harrapaketen guztirakoaren gainean (TAC).
Bioman 2013 kanpaina zientifikoa maiatzean zehar egin da ‘Ramon Margalef’ eta ‘Emma Bardan’ ontzi ozeanografikoetan. AZTI-Tecnaliako teknikariek hainbat azterlan eta laginketa egin dute antxoaren ugalketa eremu osoan, eta egindako lan horri esker Bizkaiko golkoan dagoen espezie horren biomasa kalkulatu ahal izan da, arrautza ekoizpenaren metodoa aplikatuz (MPDH).
Rogelio Pozo zentro teknologikoko zuzendariak gogora ekarri duenez, “zehaztu egin behar da antxoak oso bizitza ziklo laburra duela, oso gutxitan hiru urte baino handiagoa ez dena, eta arrainkumeen hazkundea eta biziraupena lehen hiletan ingurumenaren eta baldintza ozeanografikoen oso menpe dagoela.” Horregatik, udaberriko Bioman kanpaina udazkeneko Juvenarekin osatuko da. Udaberriko horretan zientzialariak golkoko uretan dauden antxoa gazteak aztertzen saiatuko dira, hau da, saiatuko dira jakiten zenbat arrautza eraldatu eta arrain heldu bihur daitezkeen”, AZTI-Tecnaliaren zuzendari orokorrak azaldu duenez. Horrela, zientzialariek datorren urterako erreklutamendua aurreikusi ahal izango dute, azken urte hauetan egiaztatuta gelditu denez.
Laster Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak AZTIren txosten zientifikoak Itsasoaren Idazkaritza Orokorrera eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioetara bidaliko ditu.