Zer itxura du itsas hondoak? Zer espezie bizi dira han? Zer faktorek baldintzatzen dute espezie horiek han egotea? Galdera horientzako eta ozeanoei buruzko beste galdera askorentzako erantzunak “Itsas hondoak arakatzen: MeshAtlantic proiektua” erakusketan daude, zeina Donostiako Aquariumean ikusi ahal izango baita 2013ko maiatzean eta ekainean. AZTI-Tecnaliak antolatutako erakusketa hori Europako MeshAtlantic ekimenaren parte da. Ekimen horren helburu nagusia da itsas hondoen mapak egitea, Europako itsasoetako ekosistemak ezagutzeko funtsezko tresna gisa.
Itsas hondoen argazkiek, kartografiek, mapek eta informazio-panelek osatzen dute erakusketa, zeina aukera ezin hobea baita modu atsegin eta didaktikoan itsasoak ondoen gordetako sekretuetariko batzuk ezagutzeko. Ozeanoek eskaintzen dituzten baliabideak, itsasoa nola erabiltzen dugun, hango habitatak eta ozeanoek aurre egin behar dieten erronkak dira erakusketan ezagut daitezkeen gaietariko batzuk.
Jendeak sakonean ezagutu ahal izango du MeshAtlantic proiektua (www.meshatlantic.eu). Proiektu horretan Europako bost herrialdetako bederatzi bazkidek hartzen dute parte, eta Garapenerako Europako Funtsaren Eremu Atlantikoko Nazioz haraindiko Lankidetza Programak finantzatzen du. MeshAtlantic proiektuaren helburua da Europako eremu atlantiko osorako batimetrien, hondo-moten eta habitaten serie kartografikoak egitea. Halaber, interes komunitarioko espezieak eta habitatak babesteko Natura 2020 sarearen barnean dauden eremuen mapa xehatuak ere egin nahi ditu. Zientzialariek egingo dituzten mapa horien helburu nagusia da erabilgarriak izatea eta itsas arloko legeak egiten dituzten eta arlo horretako gaiak kudeatzen dituzten erakundeen beharretara egokituak egotea.
Itsas baliabideen kudeaketak eta ozeanoetako biodibertsitatearen zaintzak itsasoko ekosistemen eta habitaten banaketaren ezagutza zientifiko sakona izan behar dute oinarri. Arlo horietan ezagutza sakonagoa lortzea eta Europako eskualde-itsasoetako habitatak sailkatzeko ulermen zientifiko eta terminologia bateratuak lortzea da MeshAtlantic-en funtzio nagusietako bat.