
Arrantza-sektorearen ustiaketa- eta eraginkortasun-eredua hobetzeko, AZTI-Tecnaliak asmakizun bat garatu du, atunak arrantzatzen diren heinean zorroratzeko ontzian bertan. Plastikozko poltsak erabilita, ontzian izotzetan kontserbatzen diren atunen itxura hobetzen da. Zorroratzeko makinak lan hori egiten laguntzen du, eta teknologia-zentroak makina horren mundu-patentea eskatu du (PCT).
Langile bakar batek zorroratua
Asmakizun horren abantaila da atuna langile bakar batek zorroratu dezakeela; hala, ez dira bi langile behar, orain arte eskuz zorroratzean behar ziren moduan. Asmakizun hori ontzi batzuek erabiliko dute atunaren hurrengo kanpainan, eta iraultza bat izan daiteke arrantza-sektorearentzat, eta, batez ere, atuna arrantzatzen dabiltzanentzat; izan ere, atuna zorroratzeko behar den arrantzale-kopurua murrizten du, eta bigarrenak beste arrantza-eginkizun batzuk egin ditzake.
Zehazki, langileak atuna buruz behera jartzen du bertikalean, eta makinan erortzen uzten du. Atuna igarotzean, konporta jaitsi egiten da; konporta hori erlaitz bati lotuta dago, eta erlaitza euste-esparrago batzuek zeharkatutako poltsa-sorta bateko lehenengo poltsarekin kontaktuan dago.
Hala, konporta jaistean, poltsaren ertz askea irekitzen da, eta, aldi berean, atuna erori egiten da, grabitatearen eraginez, eta poltsan sartu. Atunak erortzean sortzen duen energiak euste-esparragoek zeharkatutako poltsa urratzen du, zulatutako ertzetik, eta, hala, zorroratutako atuna ontziko sotora joaten da.