AZTI-Tecnaliak -itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak- eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO) JUVENA 2012 kanpaina zientifikoari ekin diote gaur. Kanpainaren funtsezko helburua da Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen kantitatea eta espazio-banaketa zehaztea. Azterketa egiteko, AZTI-Tecnaliako eta IEOko aditu-talde bat Itsasoko Idazkaritza Nagusiaren Emma Bardan ontzi ozeanografikoan itsasoratuko da, hurrengo larunbatean, Pasaiako portutik. Irailaren 3an, astelehena, bi erakundeetako ikertzaileez osatutako beste talde bat sartuko da itsasora, Gijóngo portutik, IEOren Ramón Margalef ontzi ozeanografikoan.
Euskal zentro teknologikoak 2003tik egiten du kanpaina hori, eta, hemendik aurrera, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin (IEO) batera egingo dute. Azterketa horren bidez, antxoa gaztearen kantitatea zehaztuko da; larba-aldiaren eta helduaroaren arteko zikloan dauden antxoei esaten zaie antxoa gazteak -urtea betetakoan iristen dira helduarora-. Horrez gain, ikertzaileek aztergai izango dituzte antxoen kondizio biologikoak eta haien biziraupenari eragiten dieten ingurumen-faktoreak. Hurrengo urtean helduarora iritsiko den antxoaren biomasa-kantitatea aurresateko funtsezko tresnetako bat da JUVENA kanpaina. Arrantza-agintariei antxoa-harrapaketa onargarriei buruzko gomendioak egiteko balio dute kanpaina honen emaitzek.
Azterketak -Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Itsasoko Idazkaritza Nagusiak finantzatua- 35 egun iraungo du, eta, denbora-tarte horretan, ia Bizkaiko Golko guztian ibiliko dira bi itsasontziak. AZTI-Tecnalia antxoa gazteen ebaluazioaz arduratuko da, eta IEO, berriz, erreklutamenduaren dinamikari lotutako alderdi ekologikoez. Zientzialariek metodo akustikoen bidez kalkulatuko dute antxoa gazteen kantitatea. Metodo horrekin, ultrasoinuak igortzen dira itsasora, eta haien oihartzunak aztertzen dira, azterketa-eremuaren biomasa kalkulatzeko.
Zientzialariek bigarren mailako helburu batzuk ere badituzte; besteak beste, antxoa gaztearen kondizio biologikoak eta portaera aztertzea, eta kondizio hidrografikoak eta ekosistema pelagikoaren -azaleko uretan dagoenaren- osagaiak ikertzea, planktonetik hasi eta arrain pelagikoen komunitateraino. Oso garrantzitsua da ekosistema hori ezagutzea, antxoen garapen-prozesua -larba-alditik urtebete egin arterakoa- ulertzeko.
JUVENA kanpaina zientifikoan, bi itsasontzi txiki edo ertain erabiltzen dira; neurri txikiari esker, kondizio optimoenetan azter daitezke antxoa gaztearen populazioak, zeinak ur-zutabearen lehen metroetan egoten baitira. Bi itsasontzi erabiltzearen beste arrazoi bat da denbora gutxian banaketa-eremu oso zabal bat hartzea; izan ere, garai honetan, itsasoaren barruko ur ozeanikoetan nahiz kostaldetik hurbileko uretan egon litezke antxoa gazteak.