Historiaren hastapenetatik, itsasoa eta itsasoko izakiak ezagutzeko beharra eta jakin-mina izan du gizakiak. Izaki horietatik guztietatik, zetazeoek lilura eta, aldi berean, ikara sortu izan dute beti.
Historiaren hastapenetatik, itsasoa eta itsasoko izakiak ezagutzeko beharra eta jakin-mina izan du gizakiak. Izaki horietatik guztietatik, zetazeoek lilura eta, aldi berean, ikara sortu izan dute beti.
Erdi Aroan, euskaldunak izan ziren zetazeoak eskala handian helburu komertizlarekin harrapatu zituzten lehenengo arrantzaleak, eta,garai hartan, bakarrak. XI. Mendetik aurrera, gutxienetik, portutik begiztatutako baleak ontzi txiki irekietan arrantzatzeko teknikak garatu zituzten.
Euskal arrantzaleek balea frankoa edo euskal balea (Eubalaena glacialis) arrantzatzen zuten, batez ere. Balea horrek euskal kostaldera migratzen zuen urtero, eta harrapakin ona zen, astiro egiten duelako igeri, fidakorra delako eta, batez ere, hiltzean ur gainean geratzen delako eta gantz, haragi eta bizar asko ematen duelako. Talaiariak zeruertza begiztatzen zuen talaiatik, hegal dortsalik gabeko eta V formako isatseko gorputz handiren bat ikusi nahian. Hain zuzen, horiek ziren euskal balearen ezaugarri bereziak.
Erdi Aroan euskal kostaldeko baleen arrantza komertzialak zuen garrantziaren erakusgarri dira zenbait euskal portutako zigiluak, zeinetan balea bat edo balea-arrantzaren inguruko eszenaren bat agertzen baita: Bermeo (1297), Hondarribia (1297) eta Biarritz (1351).
Amerikaren aurkikuntzaren ondoren, euskaldunek kostaldeko balea-industria sortu zuten Labradorren hegoaldean. Urtean 400 balea inguru hiltzen zituzten kostalde horretan. XVI. Mendeaz geroztik, euskal kostaldeko balea-arrantzarako ontzi txikiei “Txalupa” esaten zieten. Txalupetan 6-8 gizon joaten ziren, arpoilaria barne zerla. Ternuarako bidaiak belaontzi handietan egiten ziren; itsasontzi horietan garraiatzen zen tripulazioa, txalupak eta harrapakinak Atlantikoan zehar. Baina Labradorko industria gainbehera etorri zen XVII. Mendean, balea faltagatik. Ordutik, Europako beste nazio batzuek euskaldunengandik ikasi zuten balea nola arrantzatu.
Euskal kostaldean, garai hartan, 40 zetazeo baino ez zituzten arrantzatzen urtean. Kopuru hori murriztuz joan zen, eta XVIII. mendean amaitu egin zen, esate baterako, jarduera hori Bizkaiko golkoan. Euskal kostaldeko azken balea Orion harrapatu zuten 1901ean.
Txerriarekin bezala, balearen zati guztiak aprobetxatzen ziren.
Balearen zati guztiak aprobetxatzen zituzten, eta portuan nahiz kanpoan (Frantzia, Flandes…) saltzen:
- Gantza: olio edo “arrain-olio” bihurtu, eta argiztapenerako, oihal-industriarako, xaboia egiteko eta bestelako manufaktura prozesu batzuetarako erabiltzen zuten.
- Bizarrak: kortseak, malgukiak, ordulariak edo elementu malgu eta iraunkorrark behar zituzten tresnak egiteko erabili izan zituzten mendeetan.
- Haragia: fresko edo gazitua jateko.
- Masailezurra, saihets-hezurrak eta hezurrak: hesolak eta aulkiak egiteko, dekoratzeko edo etxeak eraikitzeko erabiltzen zituzten euskal kostaldeko herrietan.